Mundua
AFGANISTAN
o.p. | eitb media
Talibanek txartelik ez duten zibilei aireportua utzi eta etxera itzultzeko eskatu diete. Bien bitartean, zibilen eta laguntzaileen ebakuazioek aurrera jarraitzen dute.
Albisteak (9)
12 pertsona hil dira Kabulgo aireportuan iragan igandean talibanek Afganistango boterea eskuratu zutenetik izandako istiluetan. Aireportuan bertan eta inguruetan sortutako kaosaren ondorioz; horietako batzuk tiroz hil dira, eta beste batzuk, berriz, herrialdetik irteteko egiteko ahaleginean sortutako ihesaldien ondorioz.
Egoera horren aurrean, bidaiatzeko txartelik ez duten pertsonek aireportutik eta inguruetatik berehala alde egitea eta etxera itzultzea eskatu dute talibanek. "Ez dugu kalte gehiagorik eragin nahi aireportuan", adierazi du izenik eman nahi izan ez duen Taliban ofizial batek.
Afganistandik ebakuatuak
Mendebaldeko herrialdeen ebakuazio planak aurrera jarraitzen du Afganistango lehen herritarrak beste herrialde batzuetara lekualdatu ostean.
Ostegun goizaldean iritsi da Madrilera Afganistandik aberriratutako pertsonak zeramatzan lehen hegazkina, A400M bat, eta 55 espainiarrez eta kolaboratzaile afganiarrez osatutako lehen talde bat atera dute Kabuletik.
Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak eta Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migraziokoak Afganistandik ebakuatutako lehen pertsonak hartu dituzte, eta azaldu dutenez, pertsona horiek 72 ordu emango dituzte gehienez aldi baterako instalazio batean, eta, ondoren, harrera-sistemako baliabideetara eramango dituzte, integrazio-prozesua hasteko.
Bestalde, Etxe Zuriak jakitera eman duenez, Ameriketako Estatu Batuek 6.000 pertsona ebakuatu dituzte Afganistandik, baina AEBko agintariek erritmoa bizkortu nahi dute. Asteazken honetan 1.800 pertsona ebakuatu dituzte 10 C-17 hegazkin militarretan, hala, 6.000 pertsona atera ditu jada Washingtonek herrialdetik abuztuaren 14tik, lekualdaketa lanak azkartu zirenetik. Nolanahi ere, ebakuatutako pertsonen kopurua Pentagonoaren kalkuluak baino askoz txikiagoa da; izan ere, egunero Kabulgo aireportutik 5.000 eta 9.000 pertsona artean ebakuatzeko asmoa zuen .
Oztopoak zibilei, aireporturako bidean
Hala ere, Ameriketako Estatu Batuek ziurtatu dute talibanak ez direla konpromisoak betetzen ari, eta afganiarren sarbidea ari direla blokeatzen Kabulgo aireportuan, tropa estatubatuarrak ebakuazio-lanetan dabiltzan bitartean.
"Ohar publikoetan kontrakoa dioten arren eta gure Gobernuarekin bestelako konpromisoak badituzte ere, txostenak ditugu: talibanak bideak blokeatzen ari dira, saihesteko herrialdetik irten nahi duten afganiarrak aireportura iristea", adierazi du Wendy Sherman Estatuko idazkariordeak, prentsaurrekoan.
Gainera, Nazioarteko Diru Funtsak blokeatu egin du talibanek eskuratu ahal izatea erakundeak larrialdietako erreserbetan dituen 400 milioi bat dolar. Hala iragarri du Funtseko bozeramaile batek agiri batean; bertan ere esan dutenez, "argitasunik ez dago nazioarteko erkidegoaren barnean Afganistango Gobernuaren balizko onarpenaren gainean".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa