Mundua
afganista
o.p. | eitb media
Etxe Zuriak ohartarazi duenez, talibanek hitzartutakoa betetzen ez badute, AEBek "indar militarraren pisu osoarekin" erantzungo dute. AEBren arma asko talibanen esku gertau direla aitortu dute.
Jake Sullivan, prentsaurrean. Argazkia: EFE
Estatu Batuek ziurtatu dutenez, talibanek Afganistandik alde egin nahi duten zibilak Kabulgo aireportura modu seguruan igarotzeko bermea eman dute, matxinatuek hiriburua hartu ostean. Jake Sullivan Joe Biden AEBko presidentearen Segurtasun Nazionaleko aholkulariak azaldu duenez, "zibilek aireportuari bide segurua emateko prest" daude talibanak; Bidenen Gobernuaren asmoa konpromiso hori betetzen dutela ziurtatzea dela gaineratu du.
Talibanek zibilei pasatzen uzteko konpromisoa betetzen ez badute, Estatu Batuek "indar militar estatubatuarraren pisu osoarekin" erantzuteko eskubidea dutela esan zuen ondoren Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak.
Etxe Zuriak uste du berme hori "abuztuaren 31ra arte" mantendu ahal izango dela, Washingtonek tropak erretiratzeko prozesua amaitzeko asmoa zuenean, baina oraindik talibanekin negoziatzen ari da "egutegi zehatza", herrialdetik "ahalik eta jende gehien ateratzeko modurik eraginkorrena" topatzeko, Sullivanen hitzetan.
Sullivanek ez du argitu nahi izan Bidenek Afganistanera bidaltzeko agindu dituen 7.000 soldadu estatubatuarrak Afganistango hiriburuan geratuko diren abuztuaren 31tik aurrera, oraindik AEBko edo herrialde aliatuetako herritarrak ebakuatzeke badaude. "Ez dut iritzirik emango gai hipotetikoei buruz", esan du.
Era berean, AEBko armei eta defentsa tresnei buruz galdetuta, Bidenen aholkulariak aitortu du AEBk ez duela argi "nora" joan den AEBko "defentsa material bakoitza", baina, aitortu duenez, "kopuru handi bat talibanen esku geratu da, eta, jakina, ez dirudi borondatez itzuliko digutenik", erantsi du.
Aireportuko azken egunetako etsipen irudiak "suntsitzaileak" izan direla esan du Sullivanek, baina AEBk atzera egiteko plana gauzatu izana defendatu du, eta "gerra zibil bat amaitzen denean kaos eszenak ezin dira saihestu", adierazi du.
Ordu batzuk lehenago, Pentagonoak baieztatu zuen Kabulen zituen komandanteak talibanen buruzagiekin harremanetan daudela Afganistango hiriburuko aireportuaren segurtasuna bermatzeko, kaos eszenak izan baitziren bertan abuztuaren 15ean eta 16an, ebakuazioak hasi zirenean.
"Euren esku dago lidergoa frogatzea"
Estatu Batuek talibanak Afganistango Gobernu legitimotzat hartzen ote dituzten galdetuta, Sullivanek erantzun du "goizegi" dela horri erantzuteko, herrialdearen egoera "kaotikoa" delako eta oraindik ez delako gobernurik ezarri.
Hala ere, horren esanetan, "talibanen esku egongo da nortzuk diren eta nola jokatu nahi duten gainerako herrialdeei erakustea", nahiz eta "historiak orain arte erakutsi duenagatik, ibilbidea ez den oso ona izan".
Sullivanek "zigorrak", "nazioarteko kondena" eta beste "isolamendu" mekanismo batzuk aipatu ditu Estatu Batuek erabil ditzaketen tresna gisa, matxinatuek, adibidez, emakumeen eskubideak errespetatzen ez badituzte.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa