Mundua
Afganistan
agentziak | eitb media
Bien bitartean, ebakuazioak aurrera doaz Afganistanen. Ameriketako Estatu Batuek Kabulgo aireportuko hegaldi militarrak berriro hasi dituzte bart, eta Frantziak eta Alemaniak ere lehen hegaldiak baieztatu dituzte.
Albisteak (4)
Talibanek Afganistanen garaipena lortu ostean, kaosa piztu zen atzo Kabulgo aireportuan, ehunka afganiar sartu baitziren bertako pistetan handik irten nahian. Astearte honetan, baina, lasaitasuna itzuli da bertara eta ebakuazioak aurrera darrai.
"Beste egun bat Kabulgo Hamid Karzai Nazioarteko Aireportuan. Egoera kontrolpean dago ", adierazi du Stefano Pontecorvo NATOko Afganistango ordezkari zibilak bere Twitterreko profilean. "Zabalik dago aireportuko pista. Hegazkinak lurreratzen eta aireratzen ikusten ditut ", erantsi du.
Kabul talibanen esku geratu eta gero, jendetza pilatu zen Kabulgo aireportuan estatubatuarrak eta aliatuak ebakuatzeko hegaldietara igotzeko asmoz, eta, sortu zen zalaparta medio, hegaldi guztiak eten zituzten. Hainbat lekukoren arabera, gutxienez sei pertsona hil ziren.
Ebakuazioak aurrera doaz Afganistanen
Dena dela, egora baretu dela dirudi. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuek hegaldi militarrei ekin diote berriro Kabulgo aireportuan, talibanen aurkako 20 urteko gerran eurekin lan egin duten herritarrak, diplomazialariak eta milaka afganiar aberriratzeko.
Aldi berean, zenbait gobernuk euren herritarren eta afganiarren aberriratzea antolatzen ari dira, nahiz eta zaila izaten ari den, herrialdean bizi duten kaosa dela medio.
Azken orduotan, hainbat herrialdetako lehen ebakuazioak baieztatu dituzte, hala nola Frantziakoak, Airbus A400 hegazkinean zihoan talde bat Abu Dhabira eraman dutenak. Alemaniak, berriz, zazpi pertsona atera zituen atzo, guztiak Paraxutistakoak, DPA agentziak aipatu duenez.
Espainiak, berriz, bi A400 hegazkin bidali ditu astelehen honetan Espainiatik Dubaira, enbaxadako langileen aberriratzearen lehen fasea betetzeko, hainbat urtez herrialdearekin elkarlanean aritu diren afganiarrak eta haien familiak barne.
Baradar Akhund mulak, Qatarreko matxinoen bulego politikoko buruak, Afganistango gerraren amaiera eta matxinoen garaipena aldarrikatu zituen astelehenean. Ezusteko lorpena izan da, azkarra zeharo. Igandean, Ashraf Ghani presidenteak ihes egin ostean Kabul hiriburua hartuta, talibanen esku geratu zen herrialdea.
Hala ere, Afganistango egoera zalantzazkoa da oraindik; izan ere, talibanek herrialdearen segurtasuna kontrolatzen dute eta ia lurralde osoa kontrolpean dute, baina matxinatuek ez dute ofizialki gobernurik osatu edo zuzenduko duten buruzagiak izendatu.
Talibanek eta Afganistango Gobernuaren ordezkariek bilera "emankorra" egin dute
Botere eskualdatzea helburu, talibanek eta ihes egindako Afganistango Gobernuaren ordezkariek bilera egin dute astelehen honetan, eta "emankorra" izan dela azpimarratu dute bi aldeek. Afganistango exekutiboaren izenean, Hamid Karzai herrialdeko presidente izandakoa, Abdula Abdula talde negoziatzailearen burua eta Gulbuddin Hekmatyar Hezb-e-Islami alderdiko buruzagi eta "gerraren jauna" izan dira batzarrean.
Abdulak eta Hekmaryarrek batera grabatutako eta sare sozialetan partekatutako bideo batean azaldu dutenez, "Kabulen lasaitasuna eta egunerokoa itzultzeko" eginahalak egiten ari dira. "Jaikoak nahi badu, fruitua emango dute ahalegin horiek", erantsi dute.
Afganistango agintariek Koordinazio Batzordea dela sortu dutela iragarri zuten igandean. Batzorde horrek "botere eskualdatze baketsua" ahalbideratzea du xede, talibanak Kabul hartu ostean.
Halaber, Zalmay Khalilzad AEBk Afganistanerako duen bidali berezia Dohan (Qatar) dago egunotan talibanekin eta gobernu afganiarreko ordezkariekin hitz egiten, Ned Price AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak zehaztu duenez.
Afganistango errefuxiatuak hartzeko prest daude EAEko eta Nafarroako Gobernua
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernua prest agertu dira Afganistango errefuxiatuak hartzeko Asiako herrialde horretan bizi duten egora latza dela eta; prestutasun horren berri eman dio Espainiako Gobernuari.
Bi gobernuak kezkatuta daude Afganistanen gertatzen ari denarekin, talibanak boterera iristearekin bat gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei dagokionez zehazki, eta, modu berezian, emakume eta neskatoen kasuan.
Jaurlaritzak, besteak beste, pertsona horientzako plazak Espainiako Gobernuaren esku jarri dituela jakinarazi du, nazioarteko babesa eskatzen dutenentzat erkidegoak dituen baliabideen barruan. Nafarroako Gobernuak, berriz, Nafarroako Gobernuak "Europako erantzun koordinatu" baten alde egin du,"Europar Batasuneko erakunde eskudunen esparruan, solidaritate-mekanismoa aktibatzeko eta aldi baterako ezohiko neurriak aplikatzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa