Mundua
Afganistan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du; bertan, Antonio Guterres idazkari nagusiak batasuna galdegin du, herrialdea berriro terroristen babeslekua izan ez dadin.
Talibanek amaitutzat eman dute gerra. Argazkia: EFE.
Albisteak (2)
Nazio Batuen idazkari nagusi Antonio Guterresek batasuna eskatu dio astelehen honetan nazioarteari, NBEren Segurtasun Kontseiluan, Afganistanen giza eskubideak babestu ahal izateko, eta herrialdea berriro terroristen babeslekua izan ez dadin.
"Aho bakar batez hitz egin behar dugu Afganistanen giza eskubideak defendatzeko", esan du Guterresek, Segurtasun Kontseiluak egindako premiazko batzarraren hasieran; hain zuzen, talibanek Kabul hartuta Afganistanen sortu den egoerari heltzeko deitu dute bilera hori.
Igandean ere "oso kezkatuta" azaldu zen idazkari nagusia Afganistango emakumeen eta neskatoen eskubideak urratuko ziren beldur; astelehen honetan esan duenez, "txosten beldurgarriak" jaso ditu, "giza eskubideek herrialde osoan dituzten oztopo handien gainekoak".
"Bereziki, Afganistango emakumeen eta neskatoen giza eskubideen aurkako bortxaketek kezkatzen naute; izan ere, beldur dira, egunik ilunetara bueltatzeko arriskua baitago", esan du portugaldar diplomazialariak, NBEren organo nagusiko kideen aurrean.
Afganistan berriro terroristen babeslekua izan ez dadin elkarrekin lan egiteko eskatu du Guterresek, eta nazioarteko giza legeak errespetatu eta babesteko eta herritar guztien eskubide eta askatasunak zaintzeko galdegin die talibanei eta gatazkan parte hartu duten gainerako aldeei.
"Nazioarteak bat eginda egon behar du, Afganistan berriro izan ez dadin erakunde terroristen plataforma edo babesleku segurua", adierazi du.
NBEren langileak Afganistanen
Guterresen esanetan, "hein handi batean", NBEk Afganistanen dituen langileak eta instalazioak "errespetatu egin dituzte": "Talibanei eskatzen diegu instalazio horiek errespetatzen jarrai dezatela, baita diplomazialarien eta horien mandatuen bortxaezintasuna ere", nabarmendu du Guterresek. NBEko idazkari nagusiak goraipatu egin du erakunde humanitarioen lana, afganiarrei, behar izatekotan, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dizkietelako.
"Afganistanen dagoen krisi humanitarioak 18 milioi pertsonari eragiten die, hau da, herritarren ia erdiari", nabarmendu du NBEren arduradun nagusiak: "Nazio Batuen Erakundea segurtasun-egoeraren arabera arituko di, baina, batez ere, geratu egingo gara eta babesa emango diogu afganiar herriari".
Ashraf Ghani Afganistango presidenteak igandean ihes egin zuen herrialdetik, eta NBEk biharamunean egin du bilera. Talibanek Kabul hartu dute; atzerriko diplomazialari asko euren herrialdeetara bueltatzeko planak zituzten abian hainbat gobernuk, baina plan horiek bizkortu egin dituzte.
Maiatzean, Ameriketako Estatu Batuek eta Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeak tropak Afganistandik ateratzeko azken faseari ekin zioten; hortaz, base militar guztiak afganiarren esku utzi zituzten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa