11:21

Mundua

GATAZKA

Afganistandik atzerritarrak eta afganiarrak modu seguruan eta ordenatuan ateratzeko eskatu dute 70 herrialdek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europar Batasuna estatu kideekin koordinatzen ari da bertako langileak Afganistandik ateratzeko. Lekukoen arabera, bost pertsona hil dira aireportuko kaosean.

0:59
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kontinente guztietako 70 herrialdetako agintari talde batek, Espainiakoak barne, "Afganistan osoan aginte karguak dituztenei" eskatu die Afganistango herritarrei eta nazioartekoei Afganistandik alde egiteko aukera eman diezaietela, talibanak Kabulera heldu ondoren egoera okertu egin baita.

"Alde guztiei eskatzen diegu errespeta eta erraztu dezatela herrialdetik irten nahi duten atzerritar eta afganiarren irteera seguru eta ordenatua. Afganistan osoan botere- eta aginte-postuak betetzen dituztenak giza bizitzak eta ondasunak babestearen eta segurtasuna eta ordena zibila berehala berrezartzearen erantzuleak dira", azpimarratu dute ohar batean.

Europar Batasuna estatu kideekin lanean ari da irtenbide azkarrak aurkitzeko Afganistango langileak eta haien familiak leku seguru batera eramateko, esan du blokeko batzorde exekutiboko bozeramaileak. Batzordeak ez du bertako langileen kopururik eman segurtasun arrazoiengatik.

Bitartean, NBEko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egingo du astelehen honetan, talibanek Afganistango probintzia gehienak hartu ostean.

Baradar Akhund mullah Qatarko matxinatuen bulego politikoaren buruak Afganistango gerraren amaiera iragarri eta matxinoen garaipena aldarrikatu zuen, inork espero baino askoz ere azkarrago.

"Espero ez zen garaipena lortu dugu (...) apaltasuna erakutsi behar dugu Alaren aurrean", esan zuen mezu batean matxinoen mugimenduko bigarren ohiak, talibanen buruzagi batek herrialdea konkistatu ostean egindako lehen adierazpen publikoan. 2001ean AEBren inbasioaz geroztik Afganistan talibanen kontrolpean zegoen lehen egunean, Baradarrek "probaren unea" zela esan zuen.

Kaosa Kabulgo aireportuan

Bien bitartean, Afganistandik ihes egiteko etsita zeuden milaka pertsonak kaosa piztu dute Kabulgo aireportuan, herrialdeak talibanen kontrolpean egin duen lehen egunean aberriratzeko hegaldiak hartu nahian, Ashra Ghani Afganistango presidenteak berak atzo isilpean ihes egin ostean.

Lekukoen arabera, bost pertsona hil dira aireportuko kaosean, AEBko tropak enbaxadako langileen ebakuazioa zaintzen ari ziren bitartean.

AEBko funtzionario batek esan duenez, tropek airera tiro egin dute enbaxadako diplomazialariak eta langileak ateratzeko programatuta zegoen hegaldi militar batean jendea sartzen saiatzen ari zelako.

Ez dago argi tiroak jaso dituzten edo ihesaldian hil diren.

Jendea bart hasi da iristen Hamid Karzai nazioarteko aireportura, Afganistango hiriburuan, horietako asko bidaiatzeko dokumenturik gabe, eta irudi larriak ikusi dira.

Errusiak eta Txinak martxan dituzte euren enbaxadak

Dimitri Zhirnov Errusiak Afganistanen duen enbaxadoreak talibanekin hitz egin du astearte honetan, diplomazialarien segurtasuna aztertzeko, baina dagoeneko baztertu du mehatxurik izatea. Beste herrialde batzuek ez bezala, Errusiak enbaxada martxan mantentzea erabaki du.

Txinako Gobernuak ere Afganistanen duen enbaxadak ohi bezala jarduten jarraitzen duela argitu du. Hua Chunying Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan du egoera aztertzen ari direla eta txinatarrei behar duten laguntza emango dietela. Txinako prentsa ofizialaren arabera, Pekinek "Afganistango herriaren borondatea eta erabakiak errespetatzen ditu".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena