12:12

Mundua

Sua

Grezia eta Turkia kiskaltzen ari diren suteek airearen kalitatea okertu dute Mediterraneo ekialdean

Agentziak | EITB Media

Azken egunetan suak 6.000 hektarea kiskali ditu Grezian. Turkian, zortzi pertsona hil dira, horietako bi suhiltzaileak. Gainera, sua Milaseko zentral termikora iritsi zen bart.

  • Milaseko zentral termikoa (Turkiako Mugla probintzia) bart. Argazkia: EFE

    Milaseko zentral termikoa (Turkiako Mugla probintzia) bart. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Grezia eta Turkia kiskaltzen ari diren baso-sute handiek airearen kalitatea okertu dute Mediterraneo ekialdean.

Atenaseko Behatokiak, Europako zaharrenetariko batek, jakitera eman duenez, baso-suteak atmosferara mikropartikula ugari jaurtitzen ari dira, eta kea Afrikako iparraldera arte heldu da.

Gainera, Afrikatik datorren hauts kontzentrazioak Mediterraneoaren zati handi bat estali du.

Behatokiak azaldu duenez, mikropartikula pilaketaren ondorioz, Grezia osoan zerua lanbrotsu dago.

Ostiraletik aurrera egoera atmosferikoa hobetzen hastea espero dute, ipar-ekialdetik joko duten haizeekin. Hala ere, suteen bilakaeran arriskutsua izan daiteke.

Institutuaren arabera, Grezian piztu diren suteek (92 azken 24 orduetan) azken urteetako batezbestekoaren % 50 baino gehiago kiskali dute abuztuaren 1etik 4ra.

Atenaseko Behatokiak jakinarazi duenez, azken egunetan 6.000 hektarea kiskali dira. 2020 osoan 10.376 erre ziren, eta 2019an 9.405. Maiatzetik, aldiz, 12.400 hektarea inguru kiskali ditu suak.

Sutea Grezian. Argazkia: EFE

Sutea Grezian. Argazkia: EFE

Zentral termiko bat mehatxupean, Turkian

Milaseko zentral termikora (Turkiako Mugla probintzia) bart iritsi zen sutea kontrolatzea lortu dute suhiltzaileek, ur-hegazkinen laguntzarekin.

Haizearen norabide aldaketari eta suhiltzaileen lanari esker, oraingoz sua kontrolatzea lortu dute, Habertürk irratiak jakitera eman duenez.

Osman Gurun Muglako alkateak bart ziurtatu zuenez, zentral termikotik material leherkor guztia atera dute, baina biltegietako 40 bat tona ikatz hustea ezinezkoa izan da.

Bart sugarrek leherketak eragin zituzten zentralaren linea elektrikoetan, eta gordailuetako lignitoa errez gero, karbono monoxido kantitate ikaragarria isurtzearen beldur dira arduradunak.

Gauean, zonaldeko hamar auzotako bizilagunak ebakuatu dituzte Turkiako indar armatuetako ontziek.

Iragan asteazkenean suteak piztu zirenetik, zortzi pertsona hil dira, horietako bi suhiltzaileak, gehienak Manavgateko sutean (Antalya probintzia). Turkiako 15 probintziatan piztutako beste 14 sute itzaltzeko lanean jarraitzen dute, batez ere hegoaldeko eta hego-mendebaldeko kostaldean.

Bestalde, Ankarako fiskalburuak ikerketa abiatu du ostegun honetan, nazioartearen laguntza sare sozialetan eskatu duten erabiltzaileen aurka egiteko, herritarren artean "beldurra eta ikara" zabaltzea egotzita.

Azkenik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak suteak "mehatxu terroristekin" alderatu ditu, eta mundu guztiak "jasaten" dituela ohartarazi du, "koronabirus pandemiaren" antzera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena