Mundua
Erasoaldia
Agentziak | EiTB Media
Indarkeria areagotu da, AEBko eta NATOko tropak herrialdetik alde egiten ari direnean. Atzera egiteko azken fasean daude dagoeneko; Washingtonek abuztuan bukatzea espero du.
Herat (Afganistan). Argazkia: EFE
Azken hilabeteetan talibanek erasoaldia areagotu dute Afganistanen, eta herrialdeko 407 barrutietatik gutxienez 223 bereganatu dituzte, gatazkaren azken bi hamarkadetan lehen aldiz.
Indarkeria areagotu da, AEBko eta NATOko tropak herrialdetik alde egiten ari direnean. Atzera egiteko azken fasean daude dagoeneko; Washingtonek abuztuan bukatzea espero du.
Bestalde, talibanen presentziaren eta borrokaldien ondorioz, biztanleak ihes egiten ari direla ohartarazi dute bertako agintariek.
Azken hiru hilabeteetan, Afganistango Gobernua ez desagertzeko borrokan ari da; izan ere, talibanen erasoaldiek eta probintzia hiriburuak bereganatzeko saiakerek gora egin dute, Afganistan Berreraikitzeko inspektore nagusiak iragan ostiralean txosten batean onartu zuenez.
Borrokaldiak Kandahar, Helmand eta Heraten
Horrela, talibanen eta Afganistango segurtasun indarren arteko borrokaldiak areagotu dira gutxienez hiru probintzia hiribururen kanpoaldean, herrialdearen hegoaldean zein mendebaldean.
Kandaharrez gain, Helmanden (hego-mendebaldea) eta Heraten (mendebaldea) borrokaldi latzak izan dira. Afganistango hiririk jendetsuenak dira. Esan bezala, nazioarteko indarrak atzera egiten hasi zirenetik, barruti ugari bereganatu dituzte talibanek erasoaldian.
Hegaldiak, bertan behera
Afganistango bost probintziatan hegaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte borrokaldien ondorioz, bertako buruzagiek baieztatu dutenez.
Horrela, Badakhxan, Fariab, Helmand, Kunduz eta Uruzgan probintzietan ezinezkoa da lur hartzea edo aireratzea, talibanek "hegazkinei morteroekin eraso egiten dietelako", Ataula Afghan probintzia kontseiluko buruzagiak deitoratu duenez.
Gainera, Gobernuaren langileak ezin dira Maimana hirian (Fariab probintziako hiriburua) sartu, ezta atera ere, talibanek hiriaren inguruko barrutiak kontrolpean dituztelako, Fazel Haq Mohammadi zinegotziak azaldu duenez.
Kandaharren ere hegaldiak bertan behera geratu dira; igandean talibanen lehergailu batek aireportuko pistan eztanda egin ondoren, Nematula Wafa zinegotziak jakitera eman duenez.
Afganistango Gobernuaren aldeko soldadu bat, Heraten. Argazkia: EFE
Bake prozesua
Pakistan, Tajikistan eta Irango mugan esparru zabalak hartu dituzte talibanek, eta bake prozesuan sendotasun hori aprobetxatuko dutela uste dute adituek. 2020ko otsailean bake akordioa sinatu zuten matxinoek eta AEBk.
Zentzu horretan, talibanen aurrean biztanleria mobilizatzeko harremanak erabiltzea eskatu die Ashraf Ghani Afganistango presidenteak parlamentariei. Borrokaldietan aurrera egiten jarraitzen baldin badute bake elkarrizketetan ez dutela parte hartuko ohartarazi du Ghanik.
1.677 zibil hil dituzte urtarriletik ekainera
Giza Eskubideen Batzorde Independenteak jakitera eman duenez, 1.677 zibil hil eta 3.644 zauritu dituzte Afganistango gerran, urtarriletik ekainera bitartean, iaz baino % 80 gehiago.
Talibanek 917 pertsona hil eta 2.061 zauritu dituzte 2021eko lehen seihilekoan; Gobernuaren aldeko indarrek, ostera, 229 pertsona hil eta 565 zauritu dituzte. Azkenik, Estatu Islamikoak 104 hildako eta 239 zauritu utzi ditu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa