Mundua
Espaziora bidaia
Jeff Bezosek ametsa arrakastaz bete eta espaziora bidaiatu du bere espaziontzian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mark Bezos anaia, Oliver Daemen eta 82 urteko Wally Funk hegazkinlaria izan ditu lagun bidaian. Hala, Daemen eta Funk espaziora bidaiatu duten pertsonarik gazteena eta zaharrena bihurtu dira.
Blue Origin enpresaren New Shepard kapsulak arrakastatsu amaitu du espazioaren mugan egindako lehen hegaldia astearte honetan, Jeff Bezos konpainiaren sortzailearekin eta beste hiru bidaiarirekin.
Ontziaren hegaldi suborbital automatizatuak 10 minutu eta 29 segundo iraun du, eta UTC orduko 13:12an aireratu da Launch Site One basetik, Blue Origin enpresak Texas estatuaren mendebaldean eraikitako aire-basean.
Aireratu eta lau minutura, ontziak 107 kilometroko altuera hartu du, Karman lineak ezarritako espazioaren mugatik 100 kilometro pasatxo. Horri esker, tripulazioko kideek grabitate eza esperimentatu ahal izan dute eta kapsularen leihate handietatik planetaren kurbadura, azalera eta kanpoko espazioaren iluntasuna miretsi ahal izan dituzte.
Bere helburua bete ondoren, propultsatzailea aireratu eta zazpi minutura, modu autonomoan, lurreratze plataforma batera itzuli da, bere jaurtiketa lekutik iparraldera. Kapsula, ostera, erorketa askean itzuli da Lurrera, hiru jausgailu erraldoirekin eta, azken unean, basamortuan lurreratze leun bat ziurtatu duen propultsatzaile batekin.
Ametsa beteta
Jeff Bezos, munduko enpresaririk aberatsenak, espaziora bidaiatzeko ametsa bete du berea den Blue Origin enpresaren baitan sortu zuen turismo espazialeko konpainiaren ontzietako batean. Berarekin batera, Mark Bezos anaia, Oliver Daemen Herbehereetako 18 urteko gaztea eta 82 urteko Wally Funk hegazkinlaria joan dira. Azken honek, NASAk Mercury Programarako 1959 eta 1960 artean aukeratutako astronauten hasierako proba berberak gainditu zituen, baina ezin izan zuen espaziora iritsi.
Daemen eta Funk espaziora bidaiatu duten pertsonarik gazteena eta zaharrena bihurtu dira, hurrenez hurren.