Itxi

Mundua

Europar Batasuna

EBren gehiengoak indarrak batu ditu Hungariako lege homofoboaren aurka

agentziak | eitb media

Mark Rutte herbehereetako lehen ministroak esan du Hungariak ez duela tokirik EBn, baina Viktor Orban hango buruzagiak erantzun du ez dutela legea irakurri ere egin.

  • Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, Bruselara iritsi denean. Argazkia: Efe

    Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, Bruselara iritsi denean. Argazkia: Efe

Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburu gehienek indarrak batu dituzte Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren lege homofoboaren aurka. Lege horrek ez du homosexualitateaz hitz egiten uzten eskoletan eta komunikabideetan, eta Bruselan egiten ari diren goi-bileran Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak esan du, lege horrekin Hungariak ez duela tokirik EBn.

Rutteren esanetan, Hungariak legea "bertan behera" utzi behar du, eta EBko Itunaren 2. artikuluan aipatzen diren oinarrizko giza-eskubideak errespetatu, ez baitira "eztabaidagarriak".

Rutterekin batera, EBko beste 16 buruzagik sinatu dute gutun bat aipatu legearen aurka, goi-bileraren atarian Orbanen Gobernuak onartu duena.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Xavier Bettel Luxenburgokoa dira ekimenaren sustatzaile nagusiak, eta gutunean aldarrikatu dute LGTBI komunitatearen "diskriminazioaren aurka borroka egiten jarraitu beharra" dagoela.

Angela Merkel alemaniarra, Emmanuel Macron frantziarra, Mario Draghi italiarra, Kyriakos Mitsotakis greziarra, Alexander De Croo belgikarra eta Micheaal Martin irlandarra dira beste sinatzaileetako batzuk, eta azken orduan Sebastian Kurz austriarra ere batu zaie.

Luxenburgoko lehen ministroak, homosexuala dela lau haizetara zabaldu duenak, ohartarazi du gay izatea ez dela "aukerakoa, baina intolerantea izatea, bai".

Orbanek errefusatu egin ditu kritikak

Hala ere, ez dirudi kontrako iritzi horiek kalte egin diotenik lehen ministro hungariarrari: Orbanek errefusatu egin ditu legearen aurkako kritikak, eta azpimarratu du homosexualen eskubideen "defendatzailea" dela.

"Ez dugu horrelako legerik. Haurren eta gurasoen eskubideen defentsari buruzko lege bat dugu", argitu du goi-bilerara iritsi denean.

Orbanek esan du kritikak egin dituztenek ez dutela legea irakurri, eta "edonorekin" hitz egiteko prest agertu da, baita araua "lotsagarri" jo zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin ere.