19:54

Mundua

Multinazionalak

G7a enpresei mundu mailan gutxieneko zerga bat ezartzea negoziatzen ari da

EiTB Media | Agentziak

Espainiak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak, goi-bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, gutun bat sinatu dute, nazioarteko zerga sistema berri baten alde agertzeko.

  • Janet Yellen AEBetako Altxor idazkaria eta Olaf Scholz Alemaniako Ekonomia ministroa Londresen.

    Janet Yellen AEBetako Altxor idazkaria eta Olaf Scholz Alemaniako Ekonomia ministroa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Albisteak (1)

G7ko ministroek zergen erreforma bat negoziatuko dute asteburu honetan, Londresen. Datozen asteetan negoziaketek jarraituko dute G20an, baita Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen baitan ere. Akordioa datorren udazkenean gauzatu daiteke.

Espainiak, Alemaniak, Frantziak eta Italiak, goi-bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, gutun bat sinatu dute, XXI. mendean egokiagoa izango litzatekeen nazioarteko zerga sistema berri baten alde agertzeko. Gutxieneko bazkun-zerga unibertsal bat proposatu dute.

Zazpi herrialde aberatsenen (AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanada) Finantza ministroak bildu dira Londresen.

Nahiz eta elkarrizketako aurrerapausoak azken agiri batean jasotzea espero, aurreneko fasea baino ez litzateke izango. Lehendabizi, G7ko buruzagien goi-bilerak berretsi beharko luke ekainaren 11tik 13ra bitartean.

Eztabaida teknikoak duela bi urte hasi ziren Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen markoan. 140 herrialde baino gehiagok osatzen dute, eta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean berriz biltzea espero da.

Erabakiak adostasunez hartzen dira bertan; ondorioz, teorikoki edozein aldek akordioa blokeatu dezake. Baina praktikan, herrialde txikiren bat babesa zabala jaso duen akordio baten aurka agertzea ez du inork imajinatzen.

Horretarako, G20an gertatzen dena funtsezkoa izango da. Uztailaren 9tik 10era Ekonomia ministroak bilduko dira Venezian, eta ondoren Erromak goi-bilera hartuko du urriaren 30ean eta 31n.

Foro horretan ez dira bakarrik herrialde aberatsenak izango, ekonomia handi azaleratu berriek ere (Txina, India edo Brasil esaterako) hartuko dute parte. Hala ere, G7aren eta G20aren oniritzia ezinbestekoa da, baina ez nahikoa.

Zergak saihestea

Helburua multinazional handiek zergak ez saihestea da; izan ere, zerga oso baxuak eskaintzen dizkieten tokietan gordetzen dituzte etekinen zati handi bat.

Praktika horiek legezkoak dira, baina iritzi publikoarentzako eta zenbait Estaturen kutxentzako jasangaitzak dira honezkero, krisiak zorra ikaragarri areagotu baitu.

Eztabaidak bi ardatz ditu. Aurrena, enpresa digital handiek, nahiz eta presentzia fisikorik ez izan, negozioa egiten duten herrialdeetan zerga ekarpena egitea bermatzea.

Dispositibo berriaren aurrean zergak ordaindu beharko lituzketen enpresen tamaina (jarduera eta/edo etekinak) eztabaidatzen ari dira, eta mozkinaren zer zati berriz banatu beharko luketen. Guztira, 100 bat konpainia izango lirateke.

Azken asteetan % 20 errentagarritasun baten inguruan hitz egin dute buruzagiek. Kopuru horren gainetik guztia ordaindu beharko luke enpresak, ez egoitza formala duen tokian, bezeroak dituen herrialdeetan banatuz baizik.

Banatzeko zenbatekoa % 20 ingurukoa izatea eztabaidatu omen dute.

Bigarren ardatza multinazionalei gutxieneko zerga bat ezartzea litzateke. Hasiera batean, Joe Bidenen Administrazioak % 21eko zerga jarri zuen mahai gainean, baina herrialde barruko presioaren ondotik, % 15ean utzi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena