Mundua
Palestina
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Israelgo Armadak Gaza bonbardatzen segitzen du, eta Hamasek koheteak jaurtiz erantzuten du. Erasoaldiak gogortuta, su-etenerako aukerarik ez dago.
Albisteak (3)
Israelen eta miliziano palestinarren arteko erasoek ez dute etenik izan hirugarren egunez jarraian, hainbat zibil hil diren arren eta nazioarteak su-etenerako deia egin badu ere.
Israelgo Armada astelehenean hasi zen Gaza bonbardatzen, eta harrezkero 65 palestinar hil ditu, tartean 16 ume. Hamasek, berriz, mila kohete baino gehiago jaurti ditu egunotan Israelera, eta zazpi pertsona hil dituzte, gehienek huts egin badute ere.
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak su-etenerako proposamen bat baztertu duela zabaldu du Ynet komunikabide digitalak. Edonola ere, Hamasek azpimarratu du ez duela inolako tregoarik onartuko bonbardaketak amaitzen ez diren bitartean.
Gerrak 2008an, 2012an eta 2014an izan ziren, eta azken hori izan zen, hain justu ere, odoltsuena: 2.200 palestinar baino gehiago eta 73 israeldar hil ziren. Halaber, milaka zauritu izan ziren.
Misil bat eta dozenaka kohete
Miliziano palestinarrek misil bat jaurti dute gaur ibilgailu blindatu baten kontra eta soldadu israeldar bat hil dute.
Goizaldean, hainbat kohete bota dituzte Tel Aviv aldera, eta gizon bat eta haren alaba hil dituzte Lod hirian. Egunsentian, beste hainbat kohete jaurti dituzte Dimona hirira.
Arratsaldean, berriz, 130 kohete inguru bota dituzte Netivot, Sderot eta Axkelon hirietara.
Bonbardaketak etengabe
Goizean, hegazkin israeldarrek lau orduz jarraian bonbardatu dute Gaza, eta arratsaldean aldizka egin dituzte erasoaldiak. Gutxienez hiru adingabe hil dituzte.
Horrez gain, 14 solairuko eraikin bat behera bota dute. Guztira, 500 etxebizitza eta Gobernuaren 52 eraikin bonbardatu dituzte, batez ere polizia-etxeak.
Israelgo Armadak eta inteligentziak zerbitzuek egindako operazio batean, Hamaseko 10 buruzagi militar hil dituztela zabaldu dute.
Su-etenerako aukerarik gabe
Tor Wnenesland Nazio Batuen Erakundeko bidali bereziak ohartarazi du "gerra handi baten atarian" daudela Ekialde Hurbilean, eta arduraz jokatzeko eskatu die bi aldeei.
Ameriketako Estatu Batuek iragarri dute ordezkari bat bidaliko dutela datozen orduetan Palestinaren eta Israelen artean bitartekari lana egiteko.
Egiptoren ordezkaritza batek bisita azkar bat egin du Gazako Zerrendara, eta Palestinako indarrekin batu da, su-eten baterako aukerari buruz hitz egiteko.
Mugimendu palestinarrak, baina, berretsi egin du tregoa bat izateko, aurrez Israelek bonbardaketak eta errepresioa amaitu behar dituela.
BIDEOA | Mikel Ayestaran EITB Mediako korrespontsalaren analisia
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa