Mundua
Koronabirusa
E. G. | EITB MEDIA
"Kontratuaren hainbat alderdi" ez direla bete esan du EBko Osasun bozeramaileak. AstraZenecak "erabat" bete duela dio, berriz, eta "indarrez" defendatuko dela auzitegietan.
AstraZenecaren hainbat dosi. Argazkia: EFE
Europako Batzordeak auzitara eraman du AstraZeneca farmazia enpresa covid-19aren kontrako txertoak Europar Batasuneko estatuen artean banatzeko orduan izandako atzerapenak direla eta.
"Europako Batzordeak ostiralean aurkeztu zuen salaketa AstraZenecaren kontra, aldez aurretiko erosketa akordioa urratzeagatik", iragarri du prentsaurrekoan Stefan de Keersmaecker Batzordeko Osasun bozeramaileak.
"Kontratuaren hainbat alderdi ez dituzte bete eta enpresak ez du dosiak banatzeko estrategia fidagarririk eskaini", zehaztu du. Keersmaeckerren ahotan, Bruselak "bere izenean" eta 27 estatu kideen izenean aurkeztu du salaketa, denak "lerrokatuta" baitaude erabakiarekin.
Auzi honetan garrantzitsuena farmazia enpresak dosiak "azkar" banatzea da.
AstraZenecak baietz dio
Europar Batasuneko agintariek Belgikako Justiziaren aurrean salatu dutela jakin ostean, AstraZeneca farmazia-konpainia anglo-suediarrak esan du "erabat" bete duela covid-19aren aurkako txertoak saltzeko Europako Batzordearekin duen akordioa, eta, beraz, "indarrez" defendatuko dela auzitegietan, "oinarririk gabeko auzia" delako.
Igorritako oharraren arabera, konpainiak baieztatu du apirilaren amaierarako Europar Batasuneko herrialdeetara ia 50 milioi dosi bidaltzekotan dela, "aurreikusi genuen bezala".
AstraZenecak ohartarazi duenez, "lan handia dago aurretik Europar Batasunean eta beste leku batzuetan, pandemia izugarriarekin eta txertaketa programen banaketarekin borrokan jarraitzen dugun bitartean". Beren iritziz, konpainiak "egiteko garrantzitsua du", eta bere asmoa da "modu justu eta parekidean lan egitea, etekinik gabe, Europar Batasunean eta mundu osoan, pandemiak iraun bitartean".
Komunikatuan gogorarazi dute, halaber, Europako Batasunak COVAX programa babestu duela, txertoak errenta baxu eta ertaineko herrialdeetara modu parekidean banatzeko, eta AstraZeneca dela 100 herrialde baino gehiagotan hornitzaile liderra.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa