Mundua
KORONABIRUSA
EITB MEDIA
Europako Parlamentua lanean ari da ekainean txertaketa-ziurtagiriari oniritzia emateko, udako kanpaina sustatzeko.
Aireportua. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoa jaso duten estatubatuarrek uda honetan Europar Batasuneko herrialdeetara bidaiatu ahalko dutela adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak The New York Times egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
"Estatubatuarrek, dakidanez, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) onartutako txertoak erabiltzen dituzte. Horrek aukera emango die bidaiatzeko eta askatasunez mugitzeko", azaldu du. Gainera, EBko presidenteak azpimarratu duenez,"27 estatu kideek EMAk onartutako txertoak dituzten guztiak onartuko dituzte, baldintzarik gabe".
Ameriketako Estatu Batuetan ematen ari diren txertoak Modernak, Pfizer-BioNTechek eta Johnson & Johnson konpainiaren Janssen enpresa farmazeutikoak garatzen dituzte.
Hala ere, AEBko hedabidearen arabera, von der Leyenek ez du data zehatzik ezta xehetasun gehiagorik eman, eta azken hitza herrialdeek izango dutela adierazi du.
Horren arabera, AEB ekainaren erdialdean immunitatea lortzeko "bidean" dago, helduen % 70ek txertoa jarrita.
Europako erakundeak txertaketa-ziurtagiri komunitario bat abian jartzea negoziatzen hasi baino lehen egin ditu adierazpen horiek.
Txertaketa-ziurtagiri komunitarioa
Europako Parlamentuak ziurtagiriaren azken proiektuari oniritzia eman nahi dio ekaineko osoko bilkuran, dokumentuaren proba pilotu bat hilabete horren hasieran abian jarri eta hilaren amaierarako erabat eskuragarri egon dadin, horrela udako turismo-kanpaina sustatzen laguntzeko.
Martxoaren 17an, Europako Batzordeak ziurtagiri digitala aurkeztu zuen, uda baino lehen prest egon dadin, ordurako bidaiak suspertu ahal izateko. Europako Batzordeak adierazi zuenez, bere asmoa zen EMAk baimendutako txertoak soilik onartzea, baina gobernuei baimena emango zien beste batzuk onartzeko, hala nola Sputnik V errusiarra eta Sinopharm txinatarra.
Europar Batasuneko iturriek azaldu zutenez, Brusela ere antzeko ziurtagiriak dituzten beste herrialdeekin (Ameriketako Estatu Batuak, esaterako) elkarlanean aritzeko prest agertu zen, baina aipatutako iturriek ez zuten uste dokumentuaren elkarreraginari buruzko akordioak uda baino lehen lortuko zirenik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa