11:03

Mundua

PASAPORTE COVID-19 EN EE UU

AEBk ez du covid-19aren aurkako txertoa hartu izanaren egiaztagiririk galdegingo

O.P. | EITB MEDIA

Etxe Zuriak baztertu egin du ideia, agiriak herritarren pribatutasuna hautsi edo modu diskriminatzailean erabil daitekeen beldur baita.

  • Jen Psaki, Etxe Zuriko bozeramalea, prentsaurrekoan.

    Jen Psaki, Etxe Zuriko bozeramalea, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

AEBko Gobernuak urrats berria eman du txertaketa egiaztagiria eraman beharraren inguruan sortutako eztabaidan, eta, Etxe Zuriko bozeramale Jen Psakik azaldu duenez, “ez da txertaketen datu base federalik egongo, ez eta agindu federalik ere, herritarrei txertatu izanaren egiaztagiria eraman behar izateko”.

Joe Bidenen taldea covid-19 Pasaportea -Europako Batzordeak sortu eta araututako Txartel Berdearen parekoa- ezarri ala ez aztertzen aritu da azken asteetan, sektore pribatuko enpresa eta eragile zenbait aisialdiko ekimenetarako halako egiaztagiri bat eskatzeko ideia bultzatzen hasi izanaren ondorioz; normaltasunerantz pausuak ematea zuten xede.

Baina, halako sistema batek estatubatuarren eskubideak urratzearen beldur da Gobernua, osasun arloko informazioa ematen baita batetik, eta txertorik hartu nahi ez duten edo hartu ezin dutenen kontrako diskriminazio tresna bihur daitekeelako bestetik. Horregatik, Psakik argitu du “Gobernuak ez duela babesten, eta ez duela babestuko, estatubatuarrei egiaztagiri hori eskatuko dien sistemarik”.

“Gobernu federalaren interes nagusia da estatubatuarren pribatutasuna eta eskubideak bermatzea, eta halako sistemak pertsonen aurka modu bidegabean erabiltzea saihestea”, gehitu du.

Era berean, gogoratu du, sektore pribatuak agiriak eskatzea erabakitzen duen kasuetan “Gobernuaren zeregin bakarra, herritarren eskubideen inguruko informazioa ematea” izango dela.

Gobernuak bat egiten du, kasu honetan, Texas eta Floridako gobernadore errepublikarren ikuspuntuarekin; izan ere, haiek dagoeneko debekatu egin dute estatu horietan egiaztagiriak eskatzea, “bi motatako herritarrak” sortzea ekidite aldera, Floridako gobernadore Ron DeSantisen hitzetan.

Ikuspuntu kontrajarriak

OMEk adierazi du zalantzak dituela agiriak emateari dagokionez, alde batetik ez dagoelako argi, OMEko bozeramale Margaret Harrisek esandakoaren arabera, “txertoek zein neurritan murrizten duten transmisioa”, eta, bestetik, hain zuzen ere, agiririk ez dutenenganako diskriminazio iturri izan daitezkeelako.

Haatik, zenbait eremutan aurrera doa txertaketa-agiria erabiltzearen aldeko asmoa; Europar Batasunean, esaterako, uda aurretik prest egotea espero da, eta pandemiak gogor jo dituen hegazkin konpainiek ere hala eskatu dute, aire bidezko garraioa berriz aktibatu ahal izateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena