Mundua
Koronabirusa
agentziak | eitb media
Oraingoz erabiltzea aholkatzen du, onurak kaltea gainditzen duela iritzi baitio. AstraZenecak azpimarratu du ez dagoela frogarik tronbosiak txertoarekin lotzeko.
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe
Europako Sendagaien Agentziak adierazi du erakundeko adituak "zehatz" aztertzen ari direla AstraZenecarekin txertatutako pertsonen artean izan diren tronbosi kasuak eta ostegunean iragarriko duela txertoaren inguruan atera dituen ondorioak. Hala ere, oraingoz eutsi egiten dio txertoa erabiltzeko aholkuari.
Agentziak azaldu duenez, oraindik gertatutakoa ikertzen ari badira ere, uste du "AstraZenecaren txertoa covid-19ari aurre egiteko dituen onurek albo-kalteen arriskua gainditzen" dutela.
PRAC segurtasun batzordeak asteburuan aztertu ditu "tronbosiekin zerikusia duten datu guztiak" eta ostegunerako aparteko batzarra deitu du ondorioen berri emateko, hainbat estatuk sendagaiaren txertaketa eten ostean.
Hala ere, oraingoz "ez dago frogarik txertoak hori eragin duenik pentsatzeko; gainera, ez daude txertoaren albo-kalteen zerrendan".
"Txertoa jaso dutenen artean izan diren tronbosi kopurua ez da jaso ez dutenen artean baino altuagoa", azpimarratu du agentziak, AstraZenecaren txertoarekin immunizatuta dauden 5 milioi pertsonetatik 30ek tronbosia izan dutela jakin ostean.
Munduko Osasun Erakundearen bilera, asteartean
Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) aditu talde batek bilera egingo du astearte honetan AstraZenecaren txertoaren segurtasuna "sakonago" aztertzeko.
Horixe jakinarazi du Mariangela Simaok, MOEren Sendagaien arduradunak, prentsaurreko batean, eta gogorarazi du erakundea txertoa "ikertzen" ari dela eta "harreman estuan" dagoela Europako Sendagaien Agentziarekin.
"Tronbosi guztiak ikertzen ari gara, eta bestelako albo kalteak ere bai. Bihar bilera egingo dugu eta aztertu egingo ditugu aurreko astetik ditugun gauza guztiak ikerketa sakonagoa egiteko", azaldu du Simaok, aste honetan "albiste gehiago" izango direla aurreratu baino lehen.
Aurreko ostiralean erakundeak aurreratu zuen ez dagoela "arrazoirik" AstraZenecaren txertoa ez erabiltzeko. "Egunero hiltzen da jendea, ondorioz, normala da immunizatutako jendea ere hiltzea. Ditugun txostenetan ez da harreman zuzenik agertzen tronbosiekin, txertoa jaso ez dutenen artean ere antzeko portzentajea dagoelako", adieraiz zuen.
"Ez dago frogarik"
AstraZeneca konpainia suediar-britainiarrak igandean esan zuen ez dagoela "frogarik" txertoak odolbilduak eragiten dituela esateko, nahiz eta herrialde batzuek txertoa ez emateko erabakia hartu duten horrexegatik.
Enpresak ziurtatu du Erresuma Batuan eta Europar Batasunean txertoa jaso dutenen datuen "azterketa zehatza" egiten ari dela.
"Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko 17 milioi pertsona inguruk jaso dute dagoeneko txertoa, eta odolbilduen kasu kopurua gainerako herritarren artean ematen dena baino txikiagoa da", azaldu du enpresak Ann Taylor medikuntza buruak sinatutako ohar batean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa