Mundua
Venezuela
E. L. | EiTB Media
Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak Kolonbiako Cucuta hiria bisitatu zuen larunbatean. Venezuelako Gobernuak "erasotzat" jo du.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
"Espainiarekin dugun harremana goitik behera aztertuko dugu, maila guztietan, aski da", adierazi du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak.
Horrela, Venezuelako Gobernuak Espainiarekin duen "harremana goitik behera" berrikusiko du, larunbatean Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak Kolonbiako Cucuta hiria bisitatu ostean. Caracasek bisita "erasotzat" jo du.
Gonzalez Laya Cucutara heldu eta ordu gutxi batzuk geroago, Madurok berak iragarri du erabakia. Milaka venezuelarrek Cucuta dute Kolonbiara iristeko sarbide nagusi.
"Garaiz ohartarazi genion Espainiako Gobernuari; gure kantzilerrak (Jorge Arreaza) garaiz esan zion Espainiako Exekutiboari. Edozein erasoren aurrean irmo erantzungo dugu, hitz bidezkoa, ekintza bidezkoa, diplomatikoa edo politikoa izan", erantsi du Venezuelako presidenteak.
Datu ofizialen arabera, Kolonbian gutxienez 1.748.000 venezuelar daude. Petrolioaren herrialdetik bost milioi pertsona baino gehiago joan dira; beraz, Kolonbia herrialde hartzaile nagusia da.
Migratzaile asko Cucutan daude, Venezuelako Tachira estatuko hiri mugakidean. Milaka pertsona heltzen dira egunero, bertan geratzeko, eskualdean barrena migratzen jarraitzeko, edo soilik elikagaiak eta oinarrizko beste produktu batzuk eskuratzeko.
Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroa Cucutan (Kolonbia). Argazkia: EFE
Hirian, Espainiako diplomaziaren buruak eta Claudia Blum Kolonbiako homologoak ospitale bat eta Venezuelako migratzaileak artatzen dituen Unicefeko aterpetxe bat bisitatu zituzten.
Egonaldi "hipokrita" dela uste du Madurok. Are gehiago, Ivan Duque Kolonbiako presidentearen "politika xenofoboaren" aldekoa dela esan du.
"Hipokresia, abusuak... aski da; Espainiako kantzilerra neurri bikoitza erabiltzen ari da Kolonbiako paramilitarrak eta Kolonbiako Gobernua laguntzeko, aski da", adierazi du Madurok.
Zentzu horretan, Latinoamerikako eskualdea uzteko eskatu dio Venezuelako presidenteak Espainiako diplomazia buruari, Afrikatik ihesean Mediterraneo itsasoan hiltzen ari den jendeari laguntzeko.
Leopoldo Lopez oposizioko buruzagiak urri bukaeran Venezuelatik ihes egin eta Espainiara alde egin ondoren, bi estatuen arteko harremanak okerrerera egin zuen. Orain tentsioa gehiago areagotu da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa