Mundua
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
EITB MEDIA | AGENTZIAK
56 aldeko boto jaso ditu proposamenak, eta kontra bozkatu dute 44 errepublikanok. Beraz, soilik sei senatari errepublikano izan dira prozesuaren alde bozkatu dutenak.
Bozketa, Senatuan. Argazkia: Efe
AEBko Senatuak Donald Trump presidente ohiaren aurkako bigarren epaiketa politikoaren legezkotasuna onartu du aldeko 56 botorekin eta aurkako 44rekin. Ondorioz, errepublikanoen artean seik soilik bozkatu dute demokratekin.
Ameriketako Estatu Batuetan gaur abiatu da Donald Trump presidente izandakoaren aurkako bigarren epaiketa politikoa, Senatuan. Kapitolioaren aurkako erasoan Trumpek izan zuen erantzukizunagatik zabaldu zuten haren kontrako auzibidea. Hala ere, demokratek 17 senatari errepublikanoren babesa behar dute presidente ohia zigortu eta inhabilitatzeko. Ez dirudi, ordea, horrelakorik gertatuko denik.
"Impeachment" prozesua 13:00etan hasi da (Euskal Herrian 19:00ak zirenean) Senatuan, eta 100 senatarik osatu dute epaimahaia.
Chuck Schumer Senatuko demokraten buruak eta Mitch McConnell errepublikanoen buruak astelehenean hitzartutakoaren arabera, epaiketaren lehen egunean prozesua konstituzionala ote den ala ez eztabaidatu eta bozkatu dute. Senatariek lau orduko eztabaida egin dute, botoa eman eta epaiketa konstituzionala dela erabaki aurretik.
Konstituzio gaietan aditu diren gehienen esanetan, prozesua legitimoa da Trump kargutik kentzea ezinezkoa izan arren, oraindik presidente zenean gertatu ziren gertaerak daudelako ezbaian.
Prozesuaren konstituzionaltasunari buruzko erabakia hartu ostean, asteazkenean ekingo diote berriro epaiketa politikoari. 12:00etatik aurrera (18:00ak Euskal Herrian) hasiko dira fiskalak eta Trumpen defentsa beren argudioak azaltzen.
Epaiketa politikoa egunero egingo da, larunbatean izan ezik, Trumpen abokatu judu batek hala eskatuta. Igandean ekingo diote berriro, eta hurrengo astean amaitzea aurreikusten dute, lekuko gehiago deitu ezean.
Asteazkenean hasiko dira epaiketa politikoko "fiskalak" (Behe Ganberako bederatzi demokrata dira) beren argudioak ematen. 16 ordu eta gehienez bi saio izango dituzte horretarako.
Defentsa abokatuek ere arau bera bete beharko dute, ordu eta saio kopuruari dagokionez.
Lekuko berriak deitzeko edo ebidentzia gehiago aurkezteko bozketa egin ahal izango da, baina gaur-gaurkoz ez dute aukera hori mahai gainean; izan ere, demokratek eta errepublikanoek ahalik eta azkarren amaitu nahi duten epaiketa luzatu egingo litzateke.
Ikusmina da nagusi Ameriketako Estatu Batuetan, historiako laugarren epaiketa politikoa baita honakoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa