Mundua
ESTATU-KOLPEA MYANMARREN
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Urtebetez egongo da indarrean, egungo larrialdi-egoerak irauten duen bitartean.
Soldaduak, Parlamentuko kideak atxilotuta dauden tokia zaintzen. Argazkia: EFE
Estatu-kolpearen ondotik, Myanmarko armadak 11 kidez osatutako gobernua osatu du. Hasiera batean urtebetez egongo da indarrean, egungo larrialdi-egoerak irauten duen bitartean. Militarrek estatu-kolpea eman zuten astelehenean, hain zuzen ere, 2020ko azaroaren 8an egindako hauteskundeen ondotik, Parlamentuan legegintzaldiko lehendabiziko osoko bilkura egitekoa zen egunean.
Estatuko Administrazio Kontseilua izena hartu duen erakundeak Min Aung Hlaing armadako burua izango du gidari, The Myanmar Times egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
Konstituzioaren 419. artikuluaren babesean eratu dute organoa. Artikulu horrek dioenez, "boterea transferitu zaion indar armatuen buruak botere legegilea, betearazlea eta judiziala gauzatzeko eskubidea izango du". "Botere legegilea bere kabuz edo erakunde baten bidez gauzatu ahal izango du", dio Konstituzioak.
Min Aung Hlaingek atzo azpimarratu zuenez, hauek izango dira Junta Militarraren lehentasunak: azaroko hauteskundeetan ustez izandako iruzurra eta koronabirusaren aurkako erantzuna. "Larrialdi-egoera indarrean dagoen bitartean hauteskundeekin eta koronabirusaren prebentzioarekin, kontrolarekin eta tratamenduarekin loturiko gaiak lehenetsi behar ditugu", esan zuen Min Aung Hlaingek Gobernu berriarekin egindako bilera batean The Irrawaddy egunkariak jasotako informazioaren arabera.
Militarrek joan den azaroko hauteskundeetan iruzurra izan zela salatzen dute. Alabaina, Hauteskunde Batzordeak irregulartasunak izan zirela ukatu du beti.
Bestalde, sare sozialetan zabaldutako informazioaren arabera, litekeena da militarrek Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariaren irabazleari traizioa leporatzea. Horren baitan, 20 urteko kartzela-zigorra edo heriotza-zigorra ezarri diezaiokete, Alemaniako DPA albiste agentziaren arabera. Aung San Suu Kyi buruzagia eta Bakearen Nobel sariduna eta Gobernuko hainbat kide atxilotu zituzten militarrek astelehenean eta geroztik atxilo jarraitzen dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa