10:00

Mundua

ESTATU-KOLPEA

Diktadura itzuli da Myanmarrera, demokraziarako trantsizioak porrot egin ostean

EITB MEDIA | EUROPA PRESS

Myanmarko Armadak 1962 eta 2011. urteen artean gobernatu zuen herrialdea, demokraziarako trantsizioa hasi zen arte. Gainera, ia hamarkada bat geroago, berriro atxilotu dute Suu Kyi Nobel sariduna.

  • Militarrek estatu kolpea eman dute Myanmarren

    Militarrek estatu kolpea eman dute Myanmarren. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Atzo Myanmarko Armadak estatu-kolpea eman ostean, amaiera eman zaio herrialdeak 2011n abiatu zuen demokraziarako trantsizioari. Militarrek agintea hartu dute, Gobernuko hainbat kide atxilotu dituzte, tartean Aung San Suu Kyi buruzagia eta Bakearen Nobel sariduna, eta larrialdi-egoera ezarri dute urtebeterako.

Myanmarko Armadak 1962 eta 2011. urteen artean gobernatu zuen herrialdea. 90eko hamarkadan Junta Militarrak bere izena aldatu zuen eta Bake eta Garapenerako Estatu Kontseilu izatera igaro zen. Urte horietan errepresio gogorra erabili zuen, bereziki, Suu Kyik gidatzen zuen oposizioaren aurka.

Suu Kyi Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko buruzagia 1989an atxilotu zuten lehen aldiz eta Rangun hiriko bere etxebizitzan giltzapetuta igaro zituen ondorengo ia bi hamarkadak. Junta Militarrak aske utzi zuen 2010eko azaroan, Parlamenturako hauteskundeak egin eta sei egunera.

Hurrengo urtean, 2011n, Bake eta Garapenerako Estatu Kontseilua desegin eta Thein Sein erretiratutako jeneralak gidatutako gobernu zibila osatu zen. Gobernu horren osaketan militarren zigilua agerikoa baldin bazen ere, irekiera baten oinarriak ezarri ziren.

2015eko hauteskundeetan Demokraziarako Liga Nazionalak gehiengo absolutua eskuratu zuen eta hurrengo urteetarako oinarriak finkatu zituen. Konstituzioak, ordea, presidente izatea eragozten herritartasuna ez dutenei edo atzerritarrekin ezkonduta daudenei, Suu Kyiren kasuan bezala.

Nobel Sariaren irabazleak muga hori onartu zuen, baina Parlamentuak bere neurrira egindako kargu bat sortu zuen, Estatu kontseilariarena. Gobernuburu ez izan arren, urte hauetan guztietan itzalpean agin duen buruzagia izan da.

Hala ere, armadak botere handia izaten jarraitzen zuen. Are gehiago, hainbat talde armatuk egindako erasoek kolokan jarri zituzten bake akordioak eta agintariek erronkei erantzuteko zuten gaitasuna.

2017ko abuztua inflexio puntua izan zen herrialdearen historian. Atentatu olde baten ondotik, indar armatuek errepresio bortitza abiatu zuten rohingyen aurka. Gutxiengo etniko musulman hori berriro ere jomugan jarri zuten.

Gobernua eta Armada ahalegindu ziren kritiken aurrean beren burua defendatzen. Suu Kyik, bere aldetik, mito izaera galdu zuen eta zenbaitek Bakearen Nobela kentzeko ere eskatu zuten. Kritiken jomuga ere bihurtu zen.

2020ko azaroan egindako hauteskundeetan, Demokraziarako Liga Nazionalak garaipen argia lortu zuen. Demokraziarako Liga Nazionalak Parlamentuko 476 eserlekuen % 83 lortu zituen. Militarrek sortutako USDP Batasunaren, Elkartasunaren eta Garapenaren Alderdiak, ostera, 33 eserleku baino ez zituen eskuratu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena