08:48

Mundua

AEB

Trumpek Steve Bannon bere aholkulari ohia indultatu du kargua utzi baino lehen

E.G. | EITB MEDIA

Bannon abuztuan atxilotu zuten Mexikoko harresia egiteko dohaintza-emaileei ehunka mila dolarreko iruzurra egiteagatik. Handik gutxira bermepean utzi zuten aske.

  • Steve Bannon.

    Steve Bannon. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donald Trump AEBko presidenteak Steve Bannon bere aholkulari politiko eta kanpainaburu izandakoa indultatu du, Etxe Zuria uzteko ordu gutxi batzuk falta zaizkion honetan. Bannon Mexikoko harresia egiteko dohaintza-emaileei ehunka mila dolarreko iruzurra egiteagatik zegoen auzipetuta.

Aholkulari ohia abuztuan atxilotu zuten beste hiru pertsonekin batera. Denei "dohaintza-emaileei ehunka mila dolarreko maula ideiatu eta azken burura eramatea" egotzi zien New Yorkeko Hegoaldeko Barrutiaren Fiskaltzak.

"We Build the Wall" ("Geuk eraikiko dugu harresia", ingelesez) 'crowdfunding' (herritarren artean sustatutako diru-bilketa) kanpainak 25 milioi dolar bildu zituen, agintarien esanetan. Kanpainaren sustatzaileek behin eta berriz nabarmendu zuten ez zutela "zentabo bakar bat ere" hartuko euren soldatak ordaintzeko. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen: ikerketaren arabera, Bannonek milioi bat dolar baino gehiago erabili zituen bildutako dirutzatik auzipetutakoen soldatak ordaintzeko, eta beste ehunka mila dolar bere poltsikorako gorde zituen.

Ikusmin handia zegoen presidente errepublikanoaren azken indultuen jasotzaileak nortzuk izan ziren jakiteko. Zurrumurrua bazegoen bere burua eta seme-alabak zerrenda horretan sartuko ote zituen. Azkenean, baina, ez da horrela izan.

Bannonekin batera, honakoak barkatu ditu Trumpek: Lil Wayne eta Kodak Black rap abeslariak (biak baimenik gabe armak edukitzeagatik zigortu zituzten), Elliot Broidy Trump Fundazioko finantza zuzendari ohia (hainbat delitu ekonomikogatik zigortua), eta Kwame Kilpatrick Detroiteko alkatea izandakoa (kontratu publikoen truke eroskeriagatik errudun jotakoa)

Aipatutakoez gain, beste 70 pertsona ere indultatu ditu Trumpek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena