Itxi

Mundua

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

AEBko Kongresuak Joe Biden presidente hautatuaren garaipena berretsi du

O.A. | EITB MEDIA

Errepublikanoek Arizonako eta Pennsylvaniako bozak baliogabetzeko proposamena atzera bota ostean, Joe Biden presidente hautetsi gisa aldarrikatu du AEBko Kongresuak. Hilaren 20an hartuko du kargua.

1:25
Kongresuak Joe Bidenen garaipena baieztatu du

Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak Joe Biden presidente hautatuaren eta Kamala Harris presidenteordearen hauteskunde garaipena berretsi du, Donald Trumpen jarraitzaileek Kapitolioa hartzeko egindako saiakerak saioa hainbat orduz atzeratu ondoren. Gutxienez, lau pertsona hil dira.

Azkenean, ordea, Kongresuak azaroko hauteskundeetako emaitzak berretsi ditu, Joe Bidenen eta Kamala Harrisen garaipena ziurtatuz.

Senatuak eta Ordezkarien Ganberak atzera bota dituzte senatari errepublikano batzuek Bidenek Arizona eta Pennsylvaniako estatuetan lorturiko bozak baliogabetzeko aurkeztutako proposamena, eta ondoren etorri da Bidenen eta Harrisen berrespena.

Biden eta Harris demokratek 306 konpromisarioren babesa jaso zuten, garaipena lortzeko beharrezkoak zirenak baino 36 gehiago. Donald Trumpek eta Mike Pencek, ostera, 232 boto eskuratu zituzten.

Trumpek "trantsizio ordenatua" agindu du

Kongresuak Bidenen garaipena berretsi berritan, "trantsizio ordenatua" agindu du AEBko presidente Donald Trumpek.

"Hauteskundeetako emaitzarekin ados ez baldin banago ere, eta egitateek nire hitzak frogatu dituzte, trantsizio ordenatu bat bermatuko dut urtarrilaren 20an", adierazi du Trumpek komunikatu baten bitartez. Hala ere, gaineratu duenez, "legezko botoak soilik" zenbatzen direla bermatzeko borrokan jarraituko du.

Trumpek azpimarratu duenez, AEBko presidente baten historiako lehen agintaldirik onenaren amaiera da. "Amerika berriro ere handi egiteko gure borrokaren hasiera baino ez da", aldarrikatu du, 2016ko hauteskunde kanpainan erabilitako leloari ("Make America great again") erreferentzia eginez.

Dan Scavino Donald Trumpen sare sozialetako aholkulariak zabaldu du mezua, AEBko presidentearen sare sozialak behin-behinean blokeatuta daudelako.