Mundua
KORONABIRUSA
A. S. | EITB Media
Brian Pinker izan da covid-19aren aurkako txertoa jaso duen lehen pazientea. 82 urte ditu eta dialisi-tratamendua jasotzen ari da giltzurruneko gaixotasun baten ondorioz.
82 urteko Erresuma Batuko gizonezko batek jaso du lehenengoz astelehen honetan Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca farmazia enpresak prestatutako covid-19aren aurkako txertoa, Erresuma Batuko Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Brian Pinker da bere izena, 82 urte ditu eta arrisku taldean dago, dialisia behar duelako. Gaur goizean jarri diote txertoa Oxfordeko Unibertsitate Ospitalean, Osasun Ministerioak gaineratu duenez.
"Oso pozik nago, covid-aren aurkako txertoa jaso dudalako, eta benetan harro nago Oxforden sortutako txertoetako bat delako. Erizainak eta medikuak zoragarriak izan dira gaur nirekin, eta urte amaieran Shirley emaztearekin gure ezkontzaren 48. urteurrena ospatzeko gogoa dut ", adierazi du Pinkerrek ohar batean.
Erresuma Batuak abenduaren 30ean onartu zuen Oxford/AstraZenecaren antidotoa, Oxfordeko ikertzaileek emandako datu guztiak aztertu ondoren.
Oxford/AstraZeneca txertoaz gain, Pfizer/BioNTech txertoarekin ere ari da txertatzen lurraldean.
Erresuma Batuak Oxford/AstraZenecaren 100 milioi dosi ditu hitzemanda dagoeneko, eta 50 milioi pertsonari txertoa jartzea ahalbidetuko du, bi dosi behar baitira.
Kasuek gorantz jarraitzen dute
Erresuma Batuak 54.990 koronabirus kasu berri eta 454 heriotza erregistratu ditu igande honetan, datu ofizialen arabera.
Erresuma Batuko herritarren txertaketak gora egingo du datozen asteetan, kutsatzeen gorakada kezkagarria bat eginez; izan ere, agintariek koronabirusaren aldaera berri batekin lotzen dituzte kutsatze horiek, eta azkarrago hedatzen ari da.
Matt Hancock Osasun ministroak astelehen honetan txiokatu duenez, Oxford/AstraZenecaren txertaketa "ezinbesteko urratsa" da koronabirusaren aurkako borrokan.
Oxford/AstraZenecaren txertoa errazago da biltegiratzeko, hozkailu normal batean mantendu baitaiteke, eta Pfizer/BioNTech txertoa, berriz, zero azpitik 70 gradu zentigraduko tenperaturan gorde behar da.
Erresuma Batua abenduaren 8an hasi zen txertaketa planarekin, Margaret Keenanek (91 urte) Pfizer/BioNTech txertoa jaso zuen lehen pertsona izan zenean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa