11:22

Mundua

brexit-a

Erresuma Batuak harremanak eten ditu behin betiko EBrekin

I. G. | EITB MEDIA

Ia mende erdiz Europako kide izan ostean, Londresek eta Bruselak bide berriari ekin diote, elkarrengandik bananduta, "brexit"ari buruzko bozketa egin eta lau urte t'erdira.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erresuma Batuak behin betiko hautsi ditu Europar Batasunarekin zituen harremanak, ia mende erdiz Europako kide izan ostean. Horrela, aro berri bati ekin dio, eta, horretan, berak soilik onartutako legeen eta adostutako akordioen menpe egongo da.

Londresko 23:00etan eta Bruselasko 00:00etan ordulariak Erresuma Batuaren dibortzioaren une historikoa zehaztu du, britainiarrek brexitaren alde bozkatu zutenetik -2016ko ekainaren 23an- lau urte baino gehiago igaro ostean.

Nolanahi ere, Erresuma Batua 27ko taldetik kanpo geratu zen aurreko urtarrilaren 31an, baina, ostiral honetan, 2021a hastearekin batera, merkataritza-gunea eta aduana-batasuna ere atzean utzi ditu, indarrean zegoen trantsizio-epea agortuta.

Hemendik aurrera, Erresuma Batuak -Gobernuak behin eta berriz esan bezala- bere uren erabateko kontrola eta EBtik kanpoko herrialdeekin merkataritza-akordioak lortzeko askatasuna lortu du. Horrez gain, berak onartutako legeen eta adostutako akordioen menpe egongo da.

2016ko bozketan, % 51,9k brexitaren alde bozkatu zuen eta % 48,1ek aurka, eta % 72,2ko parte hartzea izan zen, Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan baino askoz altuagoa.

Aldebiko akordioa

2016ko ekainaren 23tik, Erresuma Batuak eta EBk negoziazio-prozesu luze eta konplexua hasi zuten, etorkizuneko harremana zehazteko helburuarekin.

Prozesu hori Gabon egunean bukatu zen, merkataritza askea jasotzen duen akordio zabal batekin. Gainera, adostutakoa Erresuma Batuan onartu da, Parlamentu britainiarraren bi ganberek oniritzia eman ondoren, abenduaren 30ean, ezohiko saio batean.

Larrialdiko bidea hartuta onartu zuten lege egitasmoak legedia britainiarrera eraman ditu bi aldeen arteko harremana nolakoa izango den jasotzen dituzten konpromisoak, EBrekin adostuta.

Bruselan sinatutako Gabon eguneko itunaren arabera, Erresuma Batuak EBko 27 kideekin "jardun eta koopera" dezake, "adiskidetasunez eta borondate onean". 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena