Mundua
Argentina
Agentziak | EITB Media
2018an antzeko testu batekin gertatu zen bezala, diputatuek onartua zuten proiektua; orain, baina, senatariek berretsi egin dute onarpen hori.
Argentinako Senatuak, astearte honetako gauean, abortu boluntarioa legeztatzen duen proiektua onartu du; beraz, abortua askea izango da haurdunaldiko 14. astera arte. Alberto Fernandez presidenteak bultzatu du proiektua, eta talde feministek urteak eman dituzte hori galdegiten.
38 senatarik eman dute aldeko botoa, eta 29k, aldiz, kontrakoa. Abstentzio bat ere izan da. Diputatuek abenduaren 11n onartu zuten testua. Ganberan izandako saioak 12 orduko iraupena izan du, eta, hori egiten zuten bitartean, legearen alde ala kontra zeuden milaka lagun Kongresuaren kanpoaldean zeuden, emaitzaren zain.
Orain arteko egoerari erreparatuta, proiektuak aldaketa handia dakar; izan ere, egungo legeak bi baldintza hauetako bat betetzea eskatzen du abortua legeztatzeko: alegia, emakumeak bortxaketa pairatu izatea, ala emakumearen bizitza arriskuan egotea. Bestela, ez du legeztatzen.
Gainera, abortuan parte hartu nahi ez duten medikuek kontzientzia-eragozpena baliatu ahalko dute; hori bai, pazienteak arin eraman beharko dituzte abortua gauzatuko duten beste mediku batzuengana.
Bozketaren emaitzaren berri izateak, Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egiten ari ziren milaka herritarren artean, emozio- eta poz-oihuak izan dira, legeztatzearen alde egin duten “marea berdea” izeneko taldeetako kideen aldetik; "urdin argiek", hau da, "bizitzaren aldeko" taldeek, hots, legea onartzearen aurka zeuden gizataldeek, aldiz, etsipena azaldu dute.
Alberto Fernandez: "Gizarte hobea izatea ekarri du"
Senatuak proiektua onartuta, Fernandez presidenteak esan du honek dakarrela Argentinako gizartea "hobea izatea, emakumeen eskubideak handitzen dituelako, eta osasun publikoa bermatzen duelako": "Abortu ziurra, legala eta doakoa legea da. Konpromisoa hartu nuen hauteskunde-kanpainan", adierazi du.
Elizabeth Gomez Alcorta Emakume, Genero eta Aniztasun ministroak, aldiz, nabarmendu du "emakumeen mugimenduaren garaipen handia" dela, baita "gertakari historikoa" ere.
Bigarren aldiz eztabaidatu dute; 2018an, Senatuan ez zuten onartu
Argentinako Kongresuan, bigarren aldiz eztabaidatu dute haurdunaldia modu boluntarioan legearen barnean eteteko proiektu bat; izan ere, 2018an, plataforma zibil batek egindako antzeko testu bat onartu egin zuten Kongresuan, baina ez Senatuan.
Urtebete geroago, Alberto Fernandez Argentinako egungo presidenteak, hauteskunde-kanpainan, hitzeman zuen lege berria bultzatuko zuela. Asmo nagusia zen abortu klandestinorik ez egotea, horiek emakumeen bizitza arriskuan jarri izan baitute. Batez ere, abortua klinika pribatuetan egin ezin duten emakumeen bizitzak izan dira arriskuan, ebakuntza klandestino horietan; izan ere, klinika pribatuetan, abortua legezkoa ez izanda ere, modu ziurrean egin izan dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa