19:04

Mundua

Brexit-a

Europako agintariek lasaitua hartu dute Londresek eta Bruselak egindako itunarekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Angela Merkelek, Emmanuel Macronek, Giuseppe Contek edota Pedro Sanchezek begi onez hartu dute akordioa, baina dokumentuaren xehetasunak aztertu behar dituztela erantsi dute.

  • Angela Merkel eta Emmanuel Macron artxiboko irudi batean.

    Angela Merkel eta Emmanuel Macron artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko agintari politikoek lasaitua hartu dute, azken orduan bada ere, Erresuma Batuarekin brexit-a gauzatu osteko harremanei buruzko akordioa egin duelako Bruselak. Itun horrek ziurtasuna ekarriko duela eta bi aldeen arteko harremanak hobetzen segitzeko aukera ahalbidetuko duela uste dute.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, urtarrilaren 1ean "kapitulu berri bat" hasiko da bi aldeen arteko harremanetan. "Erresuma Batuak aliatu garrantzitsua izaten jarraituko du Alemaniarentzat eta EBrentzat", agindu du Merkelek, "garrantzi historikoko" akordioa dela azpimarratuta.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "Europaren batasuna eta irmotasuna" aldarrikatu ditu, eta itunak "herritarrak, arrantzaleak eta ekoizleak babestea" ahalbidetuko duela iragarri du. Hemendik aurrera, "Europa aurrera doa eta etorkizun batu, burujabe eta indartsuari begira diezaioke", erantsi du.

Micheál Martin Irlandako lehen ministroaren ustez, "akordio ona" da, eta "emaitza orekatua" lortu da, baina ohartarazi du bere herrialdeak ezin duela inolaz ere "brexit on batez" hitz egin. "Ondorio negatiboak gutxitzeko lan egin dugu" eta egoera ikusita akordioa kaskarragoa izan zitekeela esan du. Ipar Irlandari dagokionez, Irlandarekin "muga gogorrik" ez dela egongo esan du, eta merkataritzak mugan jarraitu ahal izango duela gaineratu du.

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak ere "albiste ona" dela adierazi du; izan ere, "Europako enpresen eta herritarren interesak eta eskubideak bermatuta daude". Erresuma Batua "Europar Batasunarentzat eta Italiarentzat aliatu zentrala izango da", gaineratu du.

Mark Rutte Herbehereetako gobernuburuaren ustez, ostegun honetako iragarpena "albiste bikaina" da, eta "negoziazio gogorren" ostean dator. "Garrantzi handikoa da guretzat", azpimarratu du.

Sebastian Kurz Austriako lehen ministroak ere txalotu egin du akordioa, eta Europako negoziatzaileen -Michel Barnier eta Ursula Von der Leyen- lana eskertu du "egindako ahalegin nekaezinengatik", eta Europako Batzordeko presidentearengan pertsonifikatu du esker on hori.

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak ere hitz onak izan ditu negoziatzaileentzat, denbora horretan "lan gogorra" egin dutela eta azkenean akordio bat lortu dutela gorapiatuta. "Erresuma Batuak, gure bizilagun eta aliatuaz gain, bazkide garrantzitsua izaten jarraituko du", erantsi du.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "zorionak" eman dizkie Barnier eta Von der Leyeni, eta "aurre-akordioa ongi etorria" dela esan du, baina Espainiak eta Erresuma Batuak Gibraltarren inguruan hitz egiten jarraitu behar dutela gaineratu du.

Itunak 500 orrialde inguru ditu eta hainbat buruzagik onartu dute datozen egunetan zehatz-mehatz aztertu beharko dutela. Brexit-aren ondoren adostutako epeen arabera, trantsizio fasea astebete barru amaituko da, abenduaren 31n.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena