Mundua
KORONABIRUSA
Eurotunela eta Doverko portua itxi dituzte, covid-19aren aldaera berriagatik
O.A. | EITB Media
Gainera, hainbat herrialdek Erresuma Batuarekiko hegaldiak debekatu dituzte. Boris Johnsonen Gobernuak, bere aldetik, bilera egingo du egoera aztertzeko.
-
Doverko portua, Ingalaterra hegoaldean. Argazkia: EFE
Doverko portua, Ingalaterra hego-ekialdean, eta Eurotunela itxi egin dituzte, Erresuma Batuan atzemandako covid-19aren aldaera berria dela eta.
Aipaturiko portuak Erresuma Batua eta Frantzia lotzen ditu, transbordadoreen bidez, eta, beraz, joan-etorri handiko gunea da.
Atzo itxi zuten Doverko transbordadoreen terminala, koronabirusaren aldaera berriaren ondorioz Frantziak ezarritako murrizketengatik, portuko agintariek jakitera eman zutenez.
"Kamioiei eta bezeroei portura ez bidaiatzeko eskatzen zaie. Gure ustez, gauerdian hasi eta 48 orduz egongo dira indarrean murrizketak", adierazi dute portuko agintariek.
Hala ere, Frantziatik Erresuma Batura doazen kamioiek sartzeko baimena izango dute. Hala ere, ez dute baztertzen zenbait gidarik muga zeharkatu nahi ez izatea, ondoren Erresuma Batutik irten ezinik geratzeko arriskua dutelako, bertako hedabideen arabera.
Europako hainbat herrialdek Erresuma Batuarekiko hegaldiak debekatu dituzte, Erresuma Batuan atzemandako koronabirusaren andui berria tarteko.
Bestalde, Frantzia eta Erresuma Batua lotzen dituen Eurotunela ere itxita dago atzo 23:00etatik. Zehazki, debekatuta dago Ingalaterra hegoaldeko Folkestone terminalera sartzea, Calaisera bidean.