Mundua
Ameriketako Estatu Batuak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errekonozimendu horren truke, Marokok Israelekin harremanak normalizatuko ditu. Fronte Polisarioak gatazka honetan esku har dezala eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari.
Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua utzi baino hilabete lehenago, Donald Trumpek Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu dio Marokori.
"Marokok Ameriketako Estatu Batuak onartu zituen 1777an. Beraz, egokia da guk orain Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna Marokori onartzea", adierazi Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean.
Errekonozimendu horrek Marokoko Gobernuari bultzada eman dio momentu zail batean. Baina AEBen adierazpen horren truke, Rabatek Israelekin harreman diplomatikoak ezartzea onartu du. AEBak tartean sartuta, dagoeneko lau herrialdek egin dituzte antzeko itunak Israelekin: Arabiar Emirerri Batuak , Bahrein, Sudan eta orain Maroko.
Marokok autonomia mugatua proposatzen du Mendebaldeko Sahararentzat, gatazka politikoa konpontze aldera. Fronte Polisarioak, baina, autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen du.
"Ameriketako Estatu Batuek uste dugu Estatu sahararra sortzeak ez duela gatazkaren konponbidea ekarriko eta Marokoren menpeko autonomia bat ezartzea dela irtenbide bakarra", dio Trumpen Gobernuak zabaldutako oharrak.
Gauzak horrela, bi aldeei "ahalik eta azkarren" negoziatzeko dei egin die, betiere Rabaten proposamenaren gainean hitz egiteko.
Horrez gain, AEBek esan dute Marokorekin harreman ekonomikoak sendotu nahi dituela eta Mendebaldeko Saharako Dajla herrian kontsulatu bat irekiko duela iragarri du.
Fronte Polisarioak NBEren esku hartzea eskatu du
Bestalde, Fronte Polisarioak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Donald Trumpen erabakia gaitzesteko eskatu diote Nazio Batuen Erakundeari.
Agiri baten bidez, bi erakundeek azpimarratu dute erabaki hori hartzea ez dagokiola Trumpi eta iragarpena Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean egin izana probokaziotzat jo dute.
"Eskubiderik sakratuenaren urraketa nabarmena da: herrien autodeterminaziorako eskubidearena, hain zuzen ere. Erabaki arduragabe hori gaitzesteko eta okupazio ilegalari amaiera emateko Marokori presio egin diezaiela eskatzen diegu Saharako Gobernuak eta Fronte Polisarioak Nazio Batuen Erakundeari eta Afrikar Batasunari", erantsi dute.
Horrez gain, Saharako herriak bere "borrokarekin aurrera jarraitzeko zilegitasuna" duela nabarmendu dute, "subiranotasuna lortzeko bitarteko guztiak" erabiliko dituztela eta egoerak eskatzen duen "sakrifizioak bere gain hartzeko prest" daudela berretsita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa