Mundua
AEB
Agentziak| Erredakzioa
Hauteskundeen emaitzen inguruko bi salaketa daude abian, Auzitegi Gorenak ebazteko zain.
Zenbaketa Wisconsinen. Argazkia: EFE
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatuak 87 boto irabazi ditu Wisconsinen, Donald Trumpek finantzatutako zenbaketa partzialaren ondoren, hauteskundeen iruzurra salatzeko enegarren saiakeran.
Trumpek larunbatean adierazi duenez, zenbaketa berri honen helburua ez da desagertutako botoak aurkitzea, Bidenek azaroaren 3ko hauteskundeetan 21.00 botoko aldearekin irabazi zuen estatuan iruzurrezko boto-paperik dagoen argitzea baizik.
Zenbaketak demokraten aldekoak diren Dane eta Milwaukee konderriei eragin die. Lehenengoan, Trumpek 45 boto gehiago lortu ditu, baina Milwaukeen, berriz, Bidenek 132 gehiago eskuratu ditu, USA Today egunkariak jasotako informazioaren arabera.
Horrez gain, Trumpek hiru milioi dolar ordaindu ditu bi konderri horietako botoak berriro zenbatzeko gastuak ordaintzeko, estatu horrek Hauteskunde Batzordean dituen 10 botoak erreklamatze aldera, luze joko lukeen salaketa bat jartzeko.
“Wisconsingo zenbaketaren helburua ez da boto zenbaketan akatsak aurkitzea. Legez kanpo bozkatu duten pertsonak aurkitzea da xedea, eta zenbaketa amaitu ostean hasiko dira kasu horiek aztertzen”, argudiatu du larunbatean Trumpek twitter sarean duen kontuan.
Oraingoz, hauteskundeen emaitzen inguruko bi salaketa daude abian, Wisconsingo Auzitegi Gorenak ebazteko zain. Zenbaketaren emaitzak baztertzea eskatzen dute salatzaileek, errepublikanoek kontrolatzen duten Botere Legegileak erabaki dezan estatuak nola eman behar dituen dagozkion botoak Hauteskunde Batzordean.
Errepublikanoak nagusi diren Auzitegi Goreneko epaileek ez dute oraindik ezer esan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa