Itxi

Mundua

Sutea itzali dute dagoeneko

Ehunka manifestarik Guatemalako Kongresua hartu dute, eta ondoren su eman diote

Agentziak | Erredakzioa

Manifestariek, gehienak kaputxadunak, Parlamentuaren kanpoko atea hautsi dute, baita leihoak ere, eta barnealdera suzko zuziak bota dituzte.

  • Gizon bat Guatemalako Kongresuaren aurrean, eraikina sutan dagoela. Argazkia: EFE

    Gizon bat Guatemalako Kongresuaren aurrean, eraikina sutan dagoela. Argazkia: EFE

Ehunka manifestarik Guatemalako Kongresua hartu dute larunbat honetan, eta ondoren zenbait bulegori su eman diete. Dagoeneko segurtasun indarrek eta suhiltzaileek Ganbera hustu dute. Era berean, suhiltzaileek sutea itzali dute jadanik.

Manifestariek, gehienak kaputxadunak, Parlamentuaren kanpoko atea hautsi dute, baita leihoak ere, eta barnealdera suzko zuziak bota dituzte. Barruan aurrera egin dute, instalazioak suntsitzeko asmoarekin.

10 bat minututan zehar, kaosean murgilduta, manifestariek Kongresuaren zati bati su ematea lortu dute, baita inguruan topatzen zuten guztia birrindu ere.

Diputatuak ez zeuden Ganbera barruan, eta oraingoz ez dute erasoan zauritu edo hildakorik baieztatu. Kongresua Guatemala hiriaren erdialdean dago.

Minutuak aurrera egin eta negar eragiteko gasarekin manifestariak sakabanatzea lortu Polizia Nazionalak.

Guatemalako Parlamentua, sutan. Argazkia: EFE

Suhiltzaileak bertaratu dira, sua itzaltzeko. Oraingoz ez dute kalteen berri eman.

Artistek eta dozenaka kolektibok eta elkartek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako, 2021ko aurrekontuen aurka protesta egiteko. Alejandro Giammatteiren Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak onartu ditu Parlamentuko gehiengo ofizialistak.

Manifestazio baketsua

Horrela, ehunka manifestarik Kongresua hartzen zuten bitartean, milaka pertsonak Giammatteiren aurka modu baketsuan protesta egin dute kilometro eskas batera, Kultura Jauregi Nazionalaren (Gobernuaren egoitza) aurrean.

Guatemalako presidenteak sare sozialetan mezu bat zabaldu du. “Legearen barruan protesta egiteko eskubidea dute”, baina “ondasun publikoak edo pribatuak suntsitzea ezin dugu onartu”, adierazi du buruzagiak.

Aurrekontuak iragan asteazken goizaldean onartu zituzten, Ganberako 160 diputatuek aztertzeko aukera izan gabe. Horrek Giammatteiren eta Kongresuaren aurkako protestak eragin ditu.

Ostiral gauean, Giammatteik aurrekontua berriro berretsi ondoren, herrialdea “ongi” ez dagoela ziurtatu zuen Guillermo Castillo presidenteordeak prentsaurrekoan, eta Giammatteiri dimisioa emateko eskatu zion, herriari “arnasa” emateko.