Itxi

Mundua

MENDEBALDEKO SAHARA

Marokoko segurtasun indarrek dozenaka saharar atxilotu dituztela salatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bestalde, Nafarroan bizi diren sahararrek eta auziarekin bat egiten duten lagunek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Marokoko militarrek Mendebaldeko Saharan egindako erasoa gaitzesteko.

  • Sahararren protesta gaur Iruñean.

    Sahararren protesta gaur Iruñean. Argazkia: EFE

Ekintzaile sahararrek salatu dutenez, "dozenaka" pertsona atxilotu dituzte azken orduetan Marokoko segurtasun indarrek, Guerguerateko errepidearen blokeoa kentzeko Marokoren esku-hartze militarraren ostean piztu den gerra tarteko.

"Komando bereziak sahararren etxeetara sartzen dira. Marokoko okupazio indarrek dozenaka gazte atxilotu, tratu txarrak emam eta torturatu dituzte, eskala handiko atxiloketa kanpainetan. Maroko nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen ari da eta NBEren misioak nahiago du isilik egon" salatu du Equipe Media Giza Eskubideen erakundeak.

Gainera, marrokiarren kontrolpean dagoan El Aaiunen, Mendebaldeko Sahararen hiriburuan, manifestazioak eta protestak izan direla jakinarazi dute. Ehunka lagun Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren banderak erakutsiz atera direla kalera, eta erantzun gisa, Marokoko segurtasun indarrek gogor jo eta gutxienez zazpi gazte atxilotu dituztela.

Zentzu berean, Nushatta Fundazioak, Mendebaldeko Saharan egoitza duen giza eskubideen defentsarako erakundeak, "Marokoko okupazio indarrek sahararren etxeei egindako eraso basatiak" salatu ditu.

Protestak Iruñean

Nafarroan bizi diren herritar sahararrek eta haien aldeko hainbat nafarrek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Marokoko militarrek Mendebaldeko Saharan zibilen aurka egindako erasoa gaitzesteko, "Su Eteneko Akordioak argi eta garbi urratuz". Ehunka pertsona bildu dira Gaztelu Plazan, horietako askok Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (RASD) banderak zituztela, "Sahara askea" aldarrikatzeko.

Marokoko armadaren jokaera eta eragin duen "tentsioa" arbuiatu dute, saharar herria "berriz ere armak erabiltzera behartu" dutelako.

Mohamed Gailani Saharako Nafarroako ordezkariordeak adierazi duenez, bere herria "baketsua, bakearen eta askatasunaren maitalea" da, baina Marokok "Guergueraten su-etena urratu du Nazio Batuen aurrean, MINURSOren bitartez aktore pasibo bihurtu baita, Mendebaldeko Sahararen okupazioaren konplize ez esatearren".

Saharako Lagunen Nafarroako Elkarteko (ANAS) eta SEADen Lagunen Nafarroako Elkarteko (ANARASD), Carol Garciak eta Txaro Pardok ere hartu dute hitza, euskaraz eta gaztelaniaz. Nazio Batuen Erakundeari, Espainiako Gobernuari eta Nafarroako erakundeei dei egin diete eskuhar dezaten, eta "Saharan entzuten diren gerra danborrak bake danbor bihurtzearen" alde agertu dira.

Espainiren garai bateko kolonia

Antzina espainiar kolonia izandakoa, 1975ean okupatu zuten Marokok eta Mauritaniak, 1975eko azaroaren 14an sinatutako Hiruko Akordioen ondoren, Espainiak bi herriale horiei Sahararen gaineko subiranotasuna eman ostean. Gerra labur baten ondoren, Fronte Polisarioak Mauritania kanporatu eta bakea sinatu zuen, baina Marokok lurraldearen gaineko kontrola sendotu zuen eta milaka sahararrek errepresio basatitik ihes egin behar zuten.

1991n, su-etena sinatu zuten bi aldeek, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioak antolatutako autodeterminazio erreferenduma egiteko konpromisoa hartu ondoren, baina, ordutik, bozketarako erroldaren inguruko liskarrek (Marokok Marokoko kolonoek ere bozkatzea nahi du) galdeketa eragotzi dute.

Gaur egun, 140.000 errefuxiatu saharar bizi dira Tindufeko kanpamentuetan, Aljerian.