Mundua
Mendebaldeko Sahara
Agentziak | Erredakzioa
Zonaldean autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskatu diete Saharar herriaren aldeko euskal mugimenduak eta Fronte Polisarioak Euskadin duen Ordezkaritzak Espainiari eta NBEri.
Bideoak (1)
Bahim Ghali Fronte Polisarioko idazkari nagusi eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak 1991n Marokorekin sinatutako su-etena hautsitzat jo du gaur, eta ostiralean Guerguerat muga pasabidean eginiko erasoaren ondorioen erantzule egin du Rabat.
Era berean, Ghalik gerra-egoera ezarri du lurralde osoan, baita etxeratze-agindua ere. Saharar Indar Armatuek segurtasun nazionalaren kontrol osoa bereganatzen dutela azpimarratu du.
Tindufeko eskualdean (Aljeria) duela 45 urte eraikitako errefuxiatu-eremuetan eta “lurralde askatuetan” etxeratze-agindua ezarri dute. 250.000 pertsona baino gehiago nekez bizi dira bertan.
Rabaten eta Polisarioaren arteko tentsioa urriaren 21ean areagotu zen, saharar ekintzaile talde batek Guerguerat muga pasabidea blokeatu zuenean. Mauritania eta Marokok Mendebaldeko Saharan okupatutako lurraldeak lotzen ditu pasabideak. Azken urteetan garrantzia hartu du, ozeano Atlantikoko atea bihurtu baita merkataritzarako.
Ostiralean, Marokoko soldaduek muga zeharkatu zuten blokeoa hautsi eta segurtasun pasabide bat altxatzeko asmoarekin. Marokoko Armadaren eta Polisarioko indarren arteko borroka hasi zen orduan.
Ordu batzuk geroago, sahararrek Marokoren lau base militar eta bi kontrol postu bonbardatu zituzten, basamortuan eraikitako segurtasun harresian. Munduko harresirik luzeena da: 2.500 kilometro ditu.
Guergueraten erasoa gertatu eta handik gutxira, dozenaka saharar kalera atera ziren errefuxiatu-guneetan , Polisarioari babesa adierazteko eta balizko gerra batean erabiltzeko armak eskatzeko.
Bart ere manifestazioak izan ziren Marokok okupatutako hirietan, Mendebaldeko Saharan, Aaiunen bereziki. Marokoko segurtasun indarrek eta jendarmeek bortizki desegin zituzten. Ekintzaileek salatu dutenez, atxiloketak izan ziren.
Marokoren erasoak 1991ean sinatutako “su-etenaren akordioa urratu” duela ohartarazi dio Ghalik NBEri. Erasoari erantzun diotela ziurtatu du, “defentsa legitimorako ekintza delako”.
Erreferenduma
Zentzu horretan, gatazkan erantzukizuna onartzeko eta zonaldean autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eskatu diete Saharar herriaren aldeko euskal mugimenduak eta Fronte Polisarioak Euskadin duen Ordezkaritzak Espainiari eta NBEri. Bi erakundeek adierazpen bateratua sinatu dute.
Marokok su-etena hautsi duela salatu dute. “Ezegonkortasuna Magreb eskualde osoan zabaldu daiteke”, ohartarazi dutenez.
“Herri nekatu eta nazkatu bati inposatzen zaion beste gerra bat da; 45 urteetan promesa ugari entzun dituzte. Errespetatu gabeko konpromiso baten adibidea da egunotan gertatutakoa, nahiz eta Marokoko Erresumak akordioak eta nazioarteko zuzenbidea etengabe urratu, nazioartearen axolagabekeria bistakoa da”, ziurtatu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa