Mundua
AEB
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Demokratek bazekiten ez zituztela hauteskundeak irabaziko, eta horregatik erabili zuten posta bidezko botoa, iruzurra errazten duelako", berretsi du oraindik ere AEBko presidente denak.
Donald Trump AEBko presidenteak posta bidezko botoaren aurka egin du "ustela" dela iritzita, eta berretsi du Alderdi Demokrata hauteskundeak lapurtu nahian dabilela.
"Badakite zenbat boto behar dituzten, eta boto horiek aurkitu arte itxarongo dute. Bat-batean, boto-paperak agertu dira, eta harritzekoa da guztiak alde berekoak direla", esan du Trumpek Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan.
"Legezko botoak zenbatuko balituzte, erraz irabaziko nuke. Aldiz, legezkoak ez diren botoak zenbatuz gero, bozak lapurtzen saia daitezke", adierazi du agerraldian.
"Demokratek bazekiten ez zituztela hauteskundeak irabaziko, eta horregatik erabili zuten posta bidezko botoa, iruzurra errazten duelako", berretsi du oraindik ere AEBko presidente denak. "Auzitara eramateko nahikoa froga dago", erantsi du.
Halaber, komunikabideei eta teknologiei egotzi die inkesta faltsuen bidez AEBko iritzi publikoa nahasi izana, Joe Bidenen garaipenarekin "ilusioa sortu nahian edo".
Bukatzeko, azpimarratu du zenbait botere ekonomiko eta mediatikoren asmoa dela bere alderdiari garaipena kentzea, eta ziurtatu du Alderdi Demokrata komunikabideek eta Wall Streetek finantzatu duten bitartean, errepublikanoek "baserritarren, polizien eta kaleko jendearen babesa" izan dutela.
AEBko telebista-kateak, Trumpen aurka
Telebista-kate nagusietako askok, ABCk, CBSk eta NBCk esaterako, Donald Trumpen agerraldia eten dute. Fox Newsek, berriz, gezurtatu egin ditu haren hitzak.
"Ez dugu iruzurrik edo sistemaren gehiegizko erabilerarik ikusi", azaldu du John Robertsek, Fox Newsek Etxe Zurian duen berriemaileak.
AEB kezkaz beterik duten 5 estatuetako datuak
Hauteslekuak itxi zituztenetik 48 ordu baino gehiago igaro badira ere, ez dakite oraindik AEBko hauteskundeetako irabazlea nor izan den. Azken datuen arabera, honela dago Joe Biden demokrataren eta Donald Trump errepublikanoaren arteko lehia:
PENNSYLVANIA
Behin-behineko emaitza: Trumpek botoen % 49,9 lortu ditu; Bidenek, berriz, botoen % 48,9.
65.000 botoko aldea omen dago bien artean, eta 300.000 boto inguru daude oraindik zenbatu gabe.
GEORGIA
Behin-behineko emaitza: Berdinketa.
Trumpek 3.605 botoko aldea omen du, baina 25.000 boto inguru dituzte oraindik zenbatzeko.
NEVADA
Behin-behineko emaitza: Bidenek botoen % 49,4 jaso ditu, eta Trumpek, botoen % 48,5.
12.000 boto baino gutxiagoko aldea dago bien artean, eta 190.000 boto inguru falta dituzte zenbatzeko, baina datorren astera arte jasoko dituzte posta bidezko botoak.
IPAR CAROLINA
Behin-behineko emaitza: Trumpek botoen % 50 jaso ditu, eta Bidenek, botoen % 48,6.
77.000 botoko aldea dago bien artean, baina 158.000 boto falta dituzte zenbatzeko.
ARIZONA
Botoen % 90 zenbatuta, 46.300 botoko aldea dauka Bidenek, baina 280.000 boto inguru dituzte oraindik zenbatzeko.
Halere, Arizonan nagusitu ez arren, baliteke Bidenek irabaztea hauteskundeak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa