Mundua
AEB-KO HAUTESKUNDEAK
EITB.EUS
Hainbat estatutan botoak zenbatzen ari dira oraindik, eta lan hori bukatu ahal izateko lasaitasuna eskatu dute.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
AEBko estatu gehienek dagoeneko garailea badute ere, hainbatetan zenbaketa martxan dago oraindik, eta ez dago argi Donald Trump presidentearen edo Joe Biden hautagai demokrataren alde egingo duten.
Oraindik bi hautagaietako bakar batek ere ez ditu presidente izendatzeko beharrezkoak diren 270 ordezkariak lortu. Trumpek demandak aurkeztu ditu Pennsylvanian, Michiganen eta Georgian, zenbaketa etea eskatzeko. Horrez gain, hauteskunde iruzurra salatu du, frogarik gabe. Horren aurrean, Estatuko arduradunek lasaitasunerako deia egin dute kontaketa patxadaz egin ahal izateko.
Michiganen eta Wisconsinen irabazita, Joe Biden Etxe Zuritik geroz eta gertuago dago. Arizonan eta Nevadan aurretik doa eta bi estatu horietan nagusituz gero, AEBko presidente izango da kontatzeke dauden beste estatuetan gertatzen dena gertatzen dela. Gaur gaurkoz, 253 konpromisario ziurtatuta ditu Bidenek eta 214, ostera, Trumpek.
Hauxe da egoera estatu giltzarrietan:
PENNSYLVANIA (20)
Aditu guztiak bat datoz: estatu hau oso garrantzitsua izango da hautagaientzat. Une honetan, Trumpek alde txikia da (% 53koa), AEBko hedabideetako aurreikuspenen arabera.
Estatuko gobernadorean, Tom Wolf demokratak, azaldu du oraindik ere posta bidezko 3 milioi boto daudela zenbatzeko. Hortaz, "baliteke gaur ez ezagutzea emaitza".
Hala ere, hautagai demokrata aldea jaten ari zaio Trumpi, eta hirietako posta bidezko botoa eta aurretiazko botoa kontatzeko dago oraindik. Posta bidezko botoa jasotzeko epea bihar amaituko da eta, beraz, zenbaketa luzatu egingo da.
Trumpen taldeko abokatuek demandak aurkeztu dituzte Pennsylvaniako kontaketa eteteko.
GEORGIA (16)
Ematen du Trumpek dituela aukera gehien estatu honetan irabazteko, botoen erdia baino gehiago baititu une honetan.
Dena dela, Biden tartea murrizten ari zaio Trumpi. Posta bidezko botoa eta aurretiazko botoa zenbatu behar dituzte eta horrek Bideni egiten dio mesede: batetik, demokrata gehiagok eman dutelako aurretiazko botoa; bestetik, hiriak demokratagoak direlako.
Antza denez, 200.000 boto inguru geratzen dira zenbatzeko. Brad Raffensperger Estatu idazkariak adierazi du "boto legal guztiak" zenbatuko dituzte, eta emaitzak gaur bertan jakinaraztea aurreikusten dutela.
Trumpen abokatuek demandak jarri dituzte Georgian kontaketa gelditzen saiatzeko.
MICHIGAN (16)
Bidenek lortu du garaipena estatu honetan, Trumpi puntu bateko baino gutxiagoko aldea aterata. Hautagai errepublikanoak kontaketa eteteko galdegin du.
Michigango hiri nagusian den Detroiten hori eskatuz atera dira Trumpen jarraitzaileak.
IPAR CAROLINA (15)
Estatu honek Trumpen alde egingo duela dirudi, egungo presidenteak botoen % 50 baino gehiago dituelako une honetan.
Bloombergen arabera, 117.000 boto geratzen dira zenbatzeko, eta Trumpek 78.000 botoko aldea du.
ARIZONA (11)
Arizona da hauteskundeen emaitzen berri eman ez duten estatuetako bat.
Trump Bideni aldea murrizten ari da Arizonako estatuan. Fox Newsek eta APk Arizona Bidenentzat izango zela aurreratu bazuten ere, beste hedabide batzuen ustez, tartea txikiegia da hautagairen baten alde egiteko.
WISCONSIN (10)
Joe Bidenek irabazi du estatu giltzarri honetan, CNN, New York Times eta NPR hedabideek aurreikusi dutenez. Horien esanetan, Bidenek 20.510 botoko aldea izan du (botoen % 49,4; Trumpen % 48,8ren aurrean).
Proiekzio hori ezagutu baino lehen, Trumpen kanpainako buruak, Bill Stepienek, aurreratu du estatu honetan zenbaketa errepikatzea eskatuko dutela. "Irregulartasunak egon diren informazioak daude zenbait konderritan", ohartarazi du, inolako frogarik aurkeztu barik.
Botoak berriz zenbatzeko eskatu dute, aldea puntu batetik beherakoa denean legeak aukera hori ematen duela baliatuta
NEVADA (6)
Bi hautagaien artean berdintasun handia dago une honetan, Bidenek 8.000 botoko alde txikia baitu. Hauteskunde agintariek aurreratu dute ez dutela informazio gehiagorik emango ostegun goizera arte.
Asteartean iritsitako posta bidezko botoak eta hurrengo astean iritsi daitezkeenak daude oraindik zenbatzeko.
Donald Trumpek AEBko hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatu du, nahiz eta zenbaketa ez den oraindik amaitu. Halaber, hauteskundeen ustezko iruzurra salatzeko Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duela baieztatu du. Trumpen agerraldiaren ostean, Bidenen kanpainatik milioika estatubatuarren botoak "baliogabetzen" saiatzea leporatu diote Trumpi, eta auzi baterako prest daudela ziurtatu dute.
Trumpek hitz egin aurretik, Joe Biden presidentegai demokrata atera da hedabideen aurrera. Joe Bidenek hauteskundeak irabazteko "bide onean" dagoela adierazi du eta jarraitzaileei "pazientzia" eskatu die boto guztiak zenbatu arte.
Tentsioa eta ziurgabetasuna ez dira baretu. Eta datozen egunotan erabakiko da Estatu Batuen etorkizuna
— Amaia Uribe (@amaia_uribe) November 4, 2020
Trumpek garaipena aldarrikatu eta iruzurra salatu du
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Donald Trump egungo presidente eta berrautaketarako demokraten presidentegaiak hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatu du, nahiz eta hainbat estatutan zenbaketak aurrera jarraitzen duen. Horrez gain, Auzitegi Gorenera joko duela aurreratu du, bere kontrako ustezko hauteskunde "iruzurra" salatzeko.
"Hau iruzur bat da AEBko publikoarentzat. Hau lotsagarria da gure herriarentzat. Gu hauteskunde hauek irabazteko prestatzen ari ginen. Egia esan, guk irabazi ditugu hauteskundeak. Guk irabazi ditugu hauteskundeak", berretsi du Trumpek Etxe Zurian egin duen agerraldian.
Donald Trumpek azpimarratu duenez, "milioika eta milioika pertsonak" bozkatu dute bere hautagaitzaren alde, eta "pertsona talde oso triste bat boto eskubidea kentzen saiatzen ari da". "Guk ez dugu onartuko", gaineratu du.
Bozak egin aurretik iragarri zuen bezala, hauteskunde emaitzak Auzitegi Gorenean errekurrituko dituela berretsi du, boto zenbaketa gaur bertan amaitu dadin. "Auzitegi Gorenera joango gara", adierazi du AEBko presidenteak. "Bozketa guztiak gelditzea nahi dugu. Ez dugu nahi beraiek goizeko lauretan boto-paperak aurkitzea eta zenbaketara gehitzea", zehaztu du.
Trumpen hitzetan, gertatzen ari dena "oso tristea" da, baina presidentetzarako hauteskundeak irabaziko dituela uste du. "Oso une tristea da. Niretzat oso une tristea da, eta guk hau irabaziko dugu", gaineratu du. "Niri dagokidanez, guk irabazi dugu", aldarrikatu du.
Bozak irabazteko "bide onean" doala uste du Bidenek eta pazientzia eskatu du
Joe Biden Etxe Zuriko hautagai demokratak adierazi duenez, zenbaketak aurrera egin ahala hauteskundeak irabaziko dituela uste du. Wilmingtoneko (Delaware) Chase Centerren egindako hitzaldi batean egin ditu adierazpenok Bidenek gaur arratsaldean
"Boto guztiak zenbatu ondoren irabazleak izango garela uste dugu", esan du Bidenek. Une horretan hedabide nagusiek 253 konpromisario ematen zizkioten Bideni, eta 213 Trumpi.
Hautagai demokratak, Trumpen salaketen harira, gaineratu du inork ez diela demokrazia kenduko estatubatuarrei: "Inork ez digu gure demokrazia kenduko, ez orain, ez inoiz".
Boto-emaileei eskerrak eman dizkie hautagai demokratak, eta "fedeari eusteko" eskatu die.
Ordezkarien Ganbera, Senatua eta gobernadoreak
Presidenteaz gain, AEBko boto-emaileek Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren zati handi bat eta hamar gobernadore hautatu dituzte.
Ordezkarien Ganbera: Demokratek AEBko Ordezkarien Ganberaren kontrola mantentzeko eserlekuak bereganatuko dituzte, NBC News eta Fox News telebista kateek zabaldutako datuen arabera. Hauteskunde hauetan, Ordezkarien Ganberako 435 kideak hautatu dira. 2018ko hauteskundeetan, Alderdi Demokratak irabazi zituen hauteskundeak, 232 ordezkari eskuratuta. Alderdi Errepublikanoak, berriz, 197 lortu zituen.
Nancy Pelosi gaur egun Kongresuko presidente denak karguan errepikatzeko asmoa agertu du.
Senatua: AEBko Senaturako hauteskundeetan berdinketa dago oraingoz, izan ere, orain arte, demokratek eta errepublikanoek 48 eserleku ziurtatu dituzte. Lehian dauden hiru eserlekuetatik, errepublikanoek Ipar Carolina estatuan jokatutako eserlekua eskuratzeko aukera handiagoa dute. Han, Thom Tillis senatari errepublikanoak % 1,8ko aldea ateratzen dio Cal Cunningham hautagai demokratari, botoen % 94 zenbatuta.
Senatuaren kontrola izatea garrantzitsua da, bertan baieztatzen baitira Gobernuko goi-kargudunak eta Auzitegi Goreneko epaileak.
Sarah McBride AEBren historiako lehen senatari transexuala izango da, Delaware estatutik eserlekua lortuta.
Gobernadoreak: 11 estatutako gobernadoreak ere hautatu dituzte. Gaur egun, 50 gobernadoreetako 26 errepublikanoak dira, eta 24, berriz, demokratak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa