09:43

Mundua

Italia

Lombardiak etxeratze agindua ezarriko du 23:00etatik 05:00etara, kutsatzeak eteteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, larunbat eta igandetan merkataritza guneak itxiko dituzte. Milanek du egoera okerrena, bertan atzeman baitituzte positibo berrien erdiak.

  • Lombardiak etxeratze agindua ezarriko du 23:00etatik 05:00etara, kutsatzeak eteteko

    Jendea kaletik oinez, Italiako hiri batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Italia iparraldeko Lombardia eskualdean etxeratze agindua ezarriko dute 23:00etatik 05:00etara, ostegunetik aurrera. Izan ere, azken asteotan COVID-19 kasuek nabarmen egin dute gora eskualde horretan, eta osasun zerbitzuan arazoak izaten ai dira.

Attilio Fontana Lombardiako presidenteak azaldu du eskualde horretako alkateek eskatutako neurria dela gaur iragarritakoa, kutsatzeak murriztea baita haien lehentasuna. Roberto Speranza Osasun sailburuak, bestalde, duela egun batzuk aurreratu zuen Gobernua etxeratze agindua ezartzeko asmotan zebilela.

"Ondo deritzot neurri zorrotzagoak hartzeari, eta elkarlanean arituko gara gure helburua bete arte", esan zuen Speranzak.

"Horregatik, sei orduz jarduera guztiak etetea eta jendea etxean geratzea lortu nahi dugu. Beraz, 23:00etatik 05:00etara inor ezingo da kalera atera, larrialdi batengatik edota lan edo osasun kontu batengatik ez bada. Kutsatze asko gaueko bilkuretan gertatu dira, lagunarteko festetan, hots, kontrolaezinak diren topaketetan. Ezinezkoa da poliziak eta agenteak horretara ere iristea", azaldu du Fontanak.

Gainera, iragarri du larunbat eta igandetan merkataritza guneak itxiko dituztela.

Fontanaren esanetan, bete egin dira birusaren bilakaerari buruz adituek egindako aurreikuspenak. "Zuhurtziaz jokatu behar dugu, hilabete amaieran ospitaletan desafio izugarria biziko baitute", esan du.

Halaber, nabarmendu du Milango ekitaldien zentroko eraikinetan jarritako ospitalea irekiko dutela.

Zenbait txostenek erakutsi dutenez, litekeena da urriaren 31an Lombardiako zainketa intentsiboetako unitateetan 600 ospitaleratu egotea. Azken 24 orduetan 1.687 positibo berri zenbatu dituzte.

Egoerarik larriena Milanek bizi du, han atzeman dituztelako eskualdeko positiboen erdiak (815 kasu metropoli barrutian, eta 436 hirian bertan).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena