Mundua
Profila
Erredakzioa
Nazio Batuen zazpigarren idazkari nagusia izan zen eta Bakearen Nobel Saria eman zioten 2001ean. 2011n, Aieteko konferentzian parte hartu zuen, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi aurretik.
Kofi Annan, 2001eko Nobel Sariduna eta NBEko idazkari nagusi ohia. Argazkia: EFE
Kofi Annan Kumasi (Ghana) hirian jaio zen 1938ko apirilaren 8an. Kumasiko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean ikasi zuen. 1961ean, Minnesotan (AEB) ekonomia ikasketak egin zituen eta, ondoren, ekonomia zientzien graduondoko ikasketak egin zituen Genevan.
Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izendatu baino lehen, Bakea Mantentzeko Lanetako idazkariorde nagusia izan zen eta idazkari nagusia ondoren.
1993an Bosnia-Herzegovinako gerra zibilean egin ziren bake operazioetan arduradun nagusia izendatu zuten.
Nazio Batuen Erakundeko zazpigarren idazkari nagusia izan da, 1997 eta 2006 urteen bitartean. AEBen laguntzarekin hautatu zuten, izan ere Estatu Batuak aurreko idazkari nagusia, Boutros Boutros Ghali, berrautatzearen aurka azaldu ziren.
Politikoki samurrak izan ez diren hainbat egoeratan bitartekari lanak egin ditu. 1998an, Irakek Segurtasun Batzordearen ebazpenak betetzeko ahaleginak egin zituen; Nigerian, Gobernu zibilaren aldeko trantsizioari bultzada eman zion urte berean; NBEko Segurtasun Batzordearen eta Libiaren arteko harremanak suspertu zituen 1999an, Lockerbieko atentatuaren ostean.
2001. urtean Bakearen Nobel Saria eman zioten, "bake eta segurtasunaren alde NBEren ardura finkatzeagatik eta giza eskubideen aldeko politikak indartzeagatik".
2012ko otsailean, NBEk Siriako ordezkari berezi izendatu zuten eta bertara bidali zuen Bashar al-Assaden gobernuaren eta opositoreen arteko gatazkari irtenbidea emateko asmoz. Annanek ebazpen negoziatua lortzeko egindako esfortzuak, baina, ez ziren nahikoa izan gatazkari amaiera emateko. Hala, 2012ko uztailaren 8an Sirian zituen egitekoetan porrot egin zuela aitortu zuen Kofi Annanek. Urte berean, Nazio Batuen Erakundean zuen postua utzi zuen.
Giza eskubideen alde lan mardula egin du, baita HIESAren ikerketan ere.
Bitartekari Aieteko konferentzian
Kofi Annanen ibilbide oparoaren arrastoak eragin zuzena izan zuen Euskal Herrian. Izan ere, Annanek bitartekari gisa parte hartu zuen 2011ko Aieteko konferentzian, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuela iragarri aurretik. Bilera hartan, euskal gizartearen eta politikaren babes zabala izan zuen bost puntuko adierazpena aurkeztu zuten nazioarteko sei adituk, Annan bera buru zutela.
Kofi Annan gaur, abuztuaren 18a, hil da, 80 urterekin. Familiak jakinarazi duenez, gaixotasun labur batek eragin dio heriotza.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa