09:35

Mundua

HAUTESKUNDEAK

Arcek garaipena lortu du lehen itzulian, eta MAS boterera itzuliko da Bolivian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurkariak "alde handia" ateratzen diola eta porrota onartu du Mesak. "Herriaren borondatea inposatu da", ospatu du Evo Moralesek.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Boteretik kendu eta urtebete geroago MAS Evo Moralesen indar politikoa Boliviako Gobernura itzuliko da, oraingoan Luis Arce Ekonomia ministro ohiaren eskutik. Arcek hauteskundeak irabazi ditu. Carlos Mesa presidente ohi eta aurkari nagusiak porrota onartu du, nahiz eta oraindik emaitza ofizialen berri ez izan.

Inkesten arabera, MAS aise nagusituko da, botoen % 50 baino gehiago eskuratuta; CC Mesaren alderdiak bozen % 30 baino zertxobait gehiago lortuko ditu, eta Luis Fernando Camachoren Creemos hirugarren indarra izango da, botoen % 14rekin.

Hala ere, aurreneko datu ofizialek ez datoz inkestekin bat. Bozen % 18,15 zenbatuta, CCk botoen % 44,46 erdietsi ditu, MASek % 34,67 eta Creemosek % 18,9.

Hala eta guztiz ere, arerioak ateratzen dion “alde handia” onartu du Mesak. “Emaitza oso argia da”, esan du presidente ohiak.

Ordu batzuk lehenago hitz egin du irabazleak, inkesten berri izan ondoren. “Demokrazia berreskuratu dugu, itxaropena berreskuratu dugu. Herritar guztientzat gobernatuko dugu, eta batasun nazionaleko gobernua eraikiko dugu”, agindu du Arcek.

Evo Morales presidente ohiak garaipena ospatu du. “Garaipen handiagatik” Arce eta David Choquehuanca zoriondu ditu Twitter sare sozialean. “Herriaren borondatea inposatu da”, azpimarratu du.

MASek garaipena lortu eta biharamunean Boliviara itzuliko zela agindu zuen Moralesek, baina astelehen honetan, Buenos Airesen, “lehenago edo beranduago” bere herrira bueltatuko dela adierazi du.

Datu ofizialak jakitera eman baino lehen, Jeanine Añez presidenteak berak MASeko hautagaiak zoriondu ditu, eta “Bolivian eta demokrazian pentsatuz gobernatzeko” eskatu die.

Era berean, nazioarteko agintariek, ideologikoki adiskideak diren herrialdeek eta buruzagiek batez ere, MAS zoriondu dute. Horrela, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Arceren garaipena ospatu du. “Boliviako herriak, baturik eta kontziente” Evo Morales “anaiaren” aurka egindako “Estatu kolpea botoekin garaitu du”. “Garaipen ikaragarria! Zorionak Luis Arce presidente hautetsia, David Choquehuanca presidenteordea eta Evo Morales hegoaldeko gure buruzagi indiarra”, idatzi du Twitterren.

“Boliviako herriak hautestontzietan hitz egin du”, idatzi du Luis Almagro Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak Twitter sare sozialean. 2019ko hauteskundeen ostean, erakundeak izan zuen paperagatik asko kritikatu zuten Almagro. Orain Arce eta Choquehuanca zoriondu ditu, eta “etorkizuneko lanetan arrakasta” opa die.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Boliviako herriari zorionak eman dizkio “bene-benetan”, hauteskunde “baketsuak eta parte-hartze handiarekin” egitegatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena