Mundua
COVID-19
Agentziak | Erredakzioa
Azken 24 orduetan 350.000 COVID-19 kasu baino gehiago zenbatu dituzte munduan. Europan ia 100.000 positibo berri baieztatu dituzte.
Erroma (Italia). Argazkia: EFE
Azken 24 orduetan 350.000 COVID-19 kasu baino gehiago zenbatu dituzte munduan, pandemia hasi zenetik eguneko kopururik handiena. Guztira, 36,6 milioi positibo baieztatu dituzte, Munduko Osasun Erakundearen arabera.
Gaixotasunak 1,06 milioi hildako utzi ditu dagoeneko, horietako 6.300 azken orduetan.
Era berean, Europak markak hautsi eta ia 100.000 positibo berri baieztatu ditu. Amerikak 150.000 kasuak gainditu ditzake gaur. Asiako hegoaldeak, ostera, 100.000 kutsatuen langa gainditu ondoren, orain 80.000 inguru ditu.
Frantzian osasun egoerak okerrera egin du, eta zortzi hiritan, Paris tartean, alerta maila gorena ezarri dute. Horrela, besteak beste, tabernak itxi dituzte, eta jatetxeetan protokolo zorrotza indarrean jarri dute.
Paris, Marseilla, Aix-en-Provence eta Guadalupe (Antillak) alertan zeuden jadanik, eta gaurtik aurrera Lyon, Lille, Grenoble eta Saint-Etienne ere. Era berean, Tolosan (Okzitaniakoa) eta Montpellierren datuek hobera egiten ez baldin badute, epe laburrera kontrol zorrotzagoak jarriko dituzte.
Alemaniak 4.721 positiboren berri eman du azken orduetan. Ostiralean 4.500 jakitera eman zituen. 15 pertsona gehiago hil ditu koronabirusak Alemanian, Robert Koch (RKI) Institutuak azaldu duenez.
Italiako Gobernuak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 5.724 positibo berri baieztatu dituzte, errekorra bigarren olatuan. Grafikoak lehen olatuaren parean daude dagoeneko. 29 pertsona gehiago hil dira bertan. Guztira, pandemiak 36.140 hildako eta 349.494 kutsatu utzi ditu jadanik.
Herbeheretan 6.504 positibo berri zenbatu dituzte. Laugarren egunez jarraian marka hautsi du kutsatu berrien kopuruak. Kurbaren goranzko joera lehen olatuan baino nabariagoa da.
Pandemia hasi zenetik kutsatu berrien kopururik handiena baieztatu du Portugalek: 1.646 kasu. Bost pertsona gehiago hil dira bertan.
Azkenik, Poloniako Osasun Ministerioak 5.300 positiboren berri eman du. Laugarren egunez jarraian kutsatu berrien kopuruak markak hautsi ditu. Gainera, azken orduetan 53 pertsona hil dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa