Itxi

Mundua

KORONABIRUSA

Onera egiten ari da Trump, baina "ez dago oraindik arriskutik kanpo"

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Bere Twitter kontuan zabaldu duen bideo batean dionez, "askoz hobeto" sentitzen da eta laster itzuliko da hauteskunde kanpainara; azken orduotako informazioak ezeztatuz.

1:21
Trump, berak zabaldutako bideoan.

Sean P. Conley, Donald Trump AEBetako presidentearen medikua "baikor" agertu da buruzagi estatubatuarraren egoerak hobera egin duelako azken orduetan, baina, aldi berean, "zuhurtzia" eskatu du, "oraindik ez dagoela arriskutik kanpo".

Larunbateko azken orduan zabaldutako txostenaren arabera, "aurrerapen handiak" egin ditu Trumpek kutsatze diagnostikoa jaso zuenetik eta jada Remdesivirraren bigarren dosia eman diote, "inolako arazorik gabe". Era berean, "sukarrik gabe" eta "oxigeno gehigarririk gabe" dagoela jakinarazi dute.

Presidentearen osasun egoera "oso kezkagarria" dela zioten informazioak zabaldu eta gero, Trumpek berak bideo bat kaleratu du Twitterren, "askoz hobeto" dagoela eta laster "kanpainara itzuliko" dela esanez.

Ospitaleratuta dagoen ospitale militarrean grabatu duen bideoan, Trumpek azaldu du ez zela "oso ondo sentitzen", "baina orain askoz hobeto" dagoela eta "guztiz itzultzeko" irrikan dagoela, "Estatu Batuak handi egiteko berriz ere".

AEBetako presidenteak "laster" itzuliko dela iragarri du eta "miragarritzat" jo ditu medikuek eman dizkioten tratamenduak. Hala ere, gaitzak zer bilakaera duen ikusteko datozen egunetara itxaron beharko dela gehitu du.

Hemen bere azalpenak bideoan:

Beranduago, Euskal Herrian 14:00ak izan baino lehentxeago, beste txio bat bota du ingresatuta dagoen ospitalearen aurrean bere alde elkartu diren pertsonei eskerrak emateko:

Etxe Zuriko kontraesanak

Trump eta bere medikuen adierazpen horiek ez dituzte, dena dela, era guztietako zurrumurruak itzali. Izan ere, protagonistak hitz egin aurretik, Etxe Zuritik bertatik haren osasuna kinka larrian egon zitekeela jakinarazi diote hainbat kazetariri. Gauzak horrela, adi-adi dago mundu osoa.

Ziurra dena da Trumpen inguruko pertsonen artean goraka doazela kutsatzeak. Jada 14 pertsonak eman dute positibo COVID-19an: Melania Trump emazteak; Ron Johnson, Thom Tillis eta Mike Lee senatari errepublikarrek;  Bill Stepien hauteskunde kanpainako zuzendariak; Ronna McDaniel Errepublikarren Konbentzioko presidenteak; John Jenkins Notre Dame Unibertsitateko presidenteak, Etxe Zuriko pertsonaleko kide batek eta Etxe Zuriko hiru kazetarik, besteak beste.