Itxi

Mundua

COVID-19

Oxford garatzen ari den COVID-19aren txertoa urte amaieran ontzat eman dezakete

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Baikor agertu dira AstraZeneca farmazeutikako adituak, eta urte honen amaieran txertoa onartuta, 2021eko apirilean Erresuma Batuan txertoa jartzen hastea aurreikusten dute.

  • Txertoa.

    Argazkia: EFE.

Erresuma Batuko Oxford Unibertsitatearentzat COVID-19aren aurkako txertoa garatzen ari den AstraZeneca famazeutikako adituek uste dute urte hau amaitzerako osasun-aztertzaileen oniritzia jasoko dutela. Horrenbestez, 2021eko apirilean herritarrei txertoa jartzen hastea aurreikusten dute, The Times egunkariak bere gaurko zenbakian kaleratu duenez.

Proba klinikoen hirugarren fasean da Oxforden txertoa, eta behin hori igarota, Munduko Osasun Erakundearen aztertzaileen galbahea pasatzea faltako litzaioke, herritarrak txertatzen hasteko.

Europako Batasunak ere, AstraZenecan du begirada jarrita; abuztuaren amaieran txertoaren 300 milioi dosi erosteko kontratua itxi zuen EBk farmazeutika britainiarrarekin, estatukide guztien artean banatzeko, bakoitzak duen populazioaren arabera.

The Timesek argitaratu duenez, Erresuma Batuko Gobernuaren planaren arabera, txertoak merkaturatzeko baimen guztiak jasotzen dituenetik, sei hilabete beharko dituzte herritar guztiei txertoa jartzeko. Haurrak txertatzea ez da sartzen plan horretan.

Bien bitartean, Erresuma Batuan hasi dira txertaketa masiboak egiteko plangintza diseinatzen, eta horretarako beharko den azpiegitura prestatzen. Egoitzetan bizi diren adinekoak eta haien zaintzaileak izango lirateke txertoa hartzen lehenak, eta horien atzetik, osasungintzako gainerako langileak eta 80 urtetik gorako herritar guztiak leudeke.

Irailaren hasieran, AstraZenecak txertoaren entsegua bertan behera uztea erabaki zuen, parte-hartzaileetako bati azalpenik atzematen ez zioten eritasun bat agertu zitzaiolako. Handik egun gutxira, berriro ekin zioten. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.