Mundua
Venezuela
agentziak | erredakzioa
"Kasu isolatuak baino gehiago, krimen horiek koordinatuak ziren, eta Estatu politiken baimenarekin egin ziren", adierazi dute, Hagako Auzitegira jotzeko aukera dagoela gaineratu aurretik.
Maduro eta militarrak. Argazkia: Efe
Albisteak (4)
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ikertzaile batzuek salatu dute Venezuelan gizateriaren kontrako delituak egin dituela Gobernuak edo behintzat egin direla horren babesarekin, eta jokabide horren ardurak Nicolas Maduro presidentearenganaino iristen direla. Hori horrela, Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku hartzea eskatzeko aukera aipatu dute.
Lantaldeak ez du Venezuelara joaterik izan, haien arabera Maduroren Gobernuak izapideak betetzeari uko egin diolako, baina 200dik gora kasu ikertu ostean, 443 orriko txosten bat osatu dute, eta bertan jasotzen dira exekuzio estrajudizialak, behartutako desagertzeak, atxiloketa arbitrarioak eta tortura kasuak.
Gobernuak eta horren jarraitzaileek giza eskubideen urraketa "nabarmenak" egin dituztela ondorioztatu dute txostenean. Hala, delitu horiek egiteko jokabide "koordinatuak" atzeman omen dituzte Estatu politiketan, sistematikoki errepikatzen zirela, eta hori gizateriaren aurkako krimena dela.
Ikertzaileen arabera, Maduro presidenteak eta Nestor Luis Reverol eta Vladimir Padrino Barne eta Defentsa ministroek bazuten krimenen berri, eta gainera aginduak eman zituzten, jarduerak koordinatu zituzten, eta gehiegikeriak egiten jarraitzeko baliabideak eman zituzten, 2014an hasita.
Era berean, inteligentzia zerbitzuek ustez egindako errepresio politiko ekintzak ere atzeman omen dituzte. Gezurrezko akusaziopean, frogak manipulatuta edo prozesua urratuta egindako atxiloketak izango lirateke horiek.
Francisco Cox ikertzaileak ohartarazi du "atxiloketa arbitrarioak, epe laburreko desagertzeak eta torturak Maduroren Gobernuaren aurkako oposizioa isiltzeko politikaren parte" izan zirela.
Azken urteotan Maduroren aurka egindako protestetan ere erabili omen zuten ustezko jazarpen politika hori, eta horren baitan egin omen zituzten "manifestarien 36 hilketa", eta tortura eta tratu txarrak atxiloketetan.
Ikertzaileek inpunitatea amaitzeko nahia agertu dute, eta horretarako "Venezuelako agintariek ikerketa azkarrak, eraginkorrak, zehatzak, independenteak, inpartzialak eta gardenak" egin behar dituzte "krimenei buruz, egileek erantzun dezaten eta biktimei justizia aitortzeko", ikertzaileen buruaren arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa