07:46

Mundua

Erresuma Batua

'Brexit'aren akordioaren zati bat baliogabetzeko legeak lehen tramitea gainditu du

Agentziak | Erredakzioa

Lege-proposamen horrek, brexit-aren inguruko akordioan Ipar Irlandarekiko merkataritzaren alorrean lortutako oinarrizko neurriak baliogabetzea du helburu.

  • Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa

    Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erresuma Batuko Komunen Ganberak Barne Merkatuari buruzko Legea tramitera onartu du astelehen honetan, ondoren aztertzeko. Proposamen horrek, Boris Johnson lehen ministroak Europar Batasunarekin adostutako brexitaren inguruko akordioaren oinarrizko zati bat baliogabetzea du helburu.

Testua aldeko 340 botorekin eta kontrako 263rekin onartu dute, Johnsonen Alderdi Kontserbadoreko lehen ministro ohi batzuek lege-proposamen hori atzera botatzeko eskatu duten arren, horrek nazioarteko itun bat ez betetzea ekarriko lukeela iritzita, brexitaren inguruko akordioari aipamen eginez.

Astearte honetan, egitasmo hori "hitzez hitz" aztertuko dute komisio-fasean, eta, ondoren, beste irakurketa bat egingo dute Erresuma Batuko Parlamentuko osoko bilkuran, jarraian Lorden Ganberara bidaltzeko. Goi-ganberaren babesa lortutakoan, proposamen hori lege bihurtuko dute, Isabel II.aren "baiezkoa" jaso ondoren.

Bozketa horren emaitzak, Alderdi Kontserbadoreak Johnsonen gobernuari emandako babes zabala berresten du, baina ezin da erabat baztertu toriek Erresuma Batuko Gobernuak aurreikusitako planak zapuztea; izan ere, Parlamentuan ordezkatuta dauden 24 diputatu kontserbadorek lege-proposamena tramitera onartzea baztertu dute.

Ekimena tramiterako onartu aurretik, oposizioan dagoen Alderdi Laboristak aurkeztutako zuzenketa bat ere baztertu dute; aldeko 213 boto eta kontrako 349 jaso baititu.

Lege-proposamen horrek, brexit-aren inguruko akordioan Ipar Irlandarekiko merkataritzaren alorrean lortutako oinarrizko neurriak baliogabetzea du helburu. Erresuma Batuko Gobernuaren esanetan, ordea, lege hori ez da Europar Batasunarekin adostutako akordioa indargabetzeko erabiliko, eta "berme" bat besterik ez da urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den merkataritza askeko itun baten negoziazioei begira. Hitzarmen hori abenduaren 31n sartuko da indarrean, Londresek eta Bruselak hitzartutako trantsizio-aldia amaitzen denean, zeinaren bidez Erresuma Batuak Europar Batasuneko araudia errespetatzen duen.

"Berme bat da, segurtasun sare bat", adierazi du Johnsonek bozketaren aurreko eztabaidan. Dena dela, Ed Miliband laboristen bozeramaileak gobernuak ekimen horrekin izandako "porrota" salatu du, eta Ed Davey buruzagi liberal-demokratak ziurtatu du Winston Churchill asko haserretuko litzatekeela "zuzenbide estatuari egindako hutsegite horrengatik".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena