Itxi

Mundua

AEB

Wisconsinen bi manifestari hil zituen mutila babestu du Trumpek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donald Trumpek ez ditu Rittenhouseren ekintzak gaitzetsi. Abuztuaren 25ean, 17 urteko mutilak bi manifestari hil zituen eta beste bat zauritu Kenoshan (Wisconsin) izandako protestetan.

0:45
Donald Trump

Iragan astean Wisconsinen bi manifestari hil zituen Kyle Rittenhouse gaztearen ekintzak babestu ditu astelehen honetan Donald Trump AEBko presidenteak. Gainera, larunbatean Portlango (Oregon) liskarretan parte hartu zuten eskuin muturreko taldeen alde egin du.

Etxe Zurian egindako prentsaurreko batean Trumpek ez ditu Rittenhouseren ekintzak gaitzetsi. 17 urteko mutilak abuztuaren 25ean Kenoshan izandako istiluetan bi manifestari hil zituen tiroz eraso-fusil batekin, eta hirugarren bat zauritu zuen.

"Gertatutakoa aztertzen ari gara, baina zuek ere nik ikusitako bideo bera ikusi zenuten. Mutila manifestariengandik ihesi zebilela, erori, eta bortizki eraso zioten. Ziur asko, hil egingo zuten", esan du Trumpek.

Kenoshan eginiko manifestazioak Poliziak Jacob Blake afroamerikarra tirokatu eta gerritik behera mugitu ezinik utzi zuela salatzeko egin zituzten.

Gainera, AEBko presidenteak azaroko hauteskundeetan bere aurkaria izango dena kritikatu du, Joe Biden hautagai demokratak manifestazioetan ezker muturrekoen ekintzak gaitzetsi beharko lituzkeela uste baitu.

Prentsaurrekoan, gainera, Trumpek ez du bere jarraitzaileen jarrera kritikatu. Asteburuan Portland hiriko liskarretan "Black Lives Matter" mugimenduko manifestariak tirokatu dituzte margo-balak eta perdigoiak erabiliz.