Mundua
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Gaitza atzemateko detekzio-probetan "oso argi" ikusi zuten apirilean eta abuztuan atzemandako birusaren anduien sekuentzia genetikoak guztiz ezberdinak zirela.
Hong Kong (Txina). Argazkia: EFE
COVID-19arekin birritan kutsatu den lehen kasua atzeman du Hong Kongeko Unibertsitateak. Hain zuzen ere, 33 urteko hongkonar bat da gaitza atzemateko detekzio-probetan bi aldiz positibo eman duena. Apirilean kutsatu zen koronabirusarekin lehen aldiz, eta, sendatu ostean, alta eman zioten. Alabaina, hil honen hasieran berriro eman zuen positibo probetan, Espainiatik itzuli ondoren.
Hiriko osasun agintarien arabera, gizona birusaren "eramaile iraunkorra" izan zitekeela eta gaitza bere organismoan mantendu zuela pentsatu zuten hasiera batean.
Dena dela, gaitza atzemateko detekzio-probetan "oso argi" ikusi zuten apirilean eta abuztuan atzemandako birusaren anduien sekuentzia genetikoak guztiz ezberdinak zirela, Hong Kongeko Unibertsitateak azaldu duenez.
Aurkikuntza hori, beraz, pandemiaren aurkako estrategia gaixotasuna igaro ondoren lortutako ustezko immunitatean oinarritzen dutenen aurka egin lezake.
"Askok uste dute koronabirusa jasan duten gaixoek birinfekzioen aurkako immunitatea dutela, gehienek antigorputz neutralizatzaileetan oinarritutako erantzuna garatu zutelako", adierazi du Hong Kongeko Unibertsitateak ikerketa horren inguruko azalpenean.
Alabaina, ikertzaileek gogorarazi dutenez, "hilabete gutxi batzuk igarota zenbait gaixok antigorputzak galtzen dituztela erakusten duten frogak daude".
Gauzak horrela, Hong Kongeko Unibertsitateko adituen arabera, "birusak gizakien artean iraun dezake, hotzeriei lotutako beste koronabirus komun batzuen kasuan bezala, nahiz eta gaixoek infekzio natural baten bidez immunitatea lortu".
Hori dela eta, koronabirusarekin gaixotutako pertsonek ere maskarak erabili eta distantzia neurriak errespetatu behar dituztela azpimarratu dute ikertzaileek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa