Mundua
Libano
Agentziak | Erredakzioa
Oraingoz, ikertzen ari dira istripua ala atentatua izan den. Gainera, hainbat lagun desagertuta daude.
Gutxienez 100 lagun hil dira eta 4.000tik gora zauritu astearte honetan Libanoko hiriburuan, Beiruten, portuko eremuan izandako leherketa handi baten ondorioz; oraingoz ez dago baieztatuta zergatik gertatu diren leherketa horiek, eta ikertzrn ari dira istripua ala atentatua izan den. Gainera, hainbat lagun desagertuta daude.
Sare sozialetan hainbat bideo dabiltza, eta, irudietan, ke-zutabe handia handia ikusten da; eta jarraian leherketa bat dago. Leherketa izan den portuko eremuan, lehergailuak omen zeuden.
BIDEOA | Mikel Ayestaran berriemaile bereziak Beiruteko eztandari buruzko azken ordukoa eman digu
Osasun ministroak hasiera batean esan duenez, biktimen kopurua "oso handia" da; ospitale guztiei agindu die zaurituak artatzeko, The Daily Star egunkariak jaso duenez.
Tokiko hedabideen arabera, dozenaka biktima daude, hildakoak eta zaurituak zenbatuta. Gurutze Gorriak unitateak bidali ditu, bilaketa- eta erreskate-lanetan laguntza emateko.
BIDEOA | Horrela geratu da Beiruteko portuaren ingurua, eztanda handiaren ostean
Lehen leherketaren ostean bertaratu diren zenbait suhiltzailerekiko kontaktua galdu egin da, Maruan Abud Beiruteko gobernatzaileak adierazi duenez, LBC Libanoko katearen esanetan.
Agintariek, oraingoz, ez dute adierazpenik egin, eta ez dago zehaztuta istripua ala atentatua izan den.
Lekukoek esan dutenez, leherketa gertatu den puntutik bost kilometrotara dauden etxebizitza batzuetan beirak apurtu egin dira. Bi kilometrotara dauden eraikinetan, kalte materialak izan dira.
Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikusgai dago eztanda nola gertatu den. Onddo-itxurako hodei handia eragin du horrek; hedatze-uhin handia sortu du, eta hiriko hainbat auzotan kalteak egin ditu.
Ibrahim Abbas Libanoko Segurtasun Orokorreko zuzendariak adierazi duenez, "badirudi eztanda oso leherkorra den materiala zuen biltegi batean gertatu dela". Material horrek urteak zeramatzan konfiskatuta.
Agintariek agindua eman dute, Armada mobilizatzeko, zaurituak ospitaletan artatzeko, eta herritar guztiek babeslekua izateko.
Argazkiak
Lehen ministroak nazioarteko laguntza eskatu du, "katastrofe baten aurrean": "Erantzuleek ordainduko dute"
Hasan Diab Libanoko lehen ministroak dolu-eguna ezarri du asteazkenerako, Libano osoan, leherketen biktimen omenez. Halaber, nazioarteko laguntza eskatu du: "Katastrofea izan da hau", nabarmendu du.
Diabek, horrez gain, azpimarratu du erantzuleek "prezioa ordainduko" dutela, eztanden arrazoien gaineko xehetasunik eman gabe: "Martirientzako eta zaurituentzako promesa da", esan du NNA Libanoko albiste-agentziak jaso duenez.
Lehen ministroak esan du jakinaraziko dituztela "2014tik zegoen biltegi arriskutsuaren gaineko gertakariak"; bestelako xehetasunik ez du eman.
Diabek, Michel Aounekin izandako bilera batean, adierazi du amonio-nitratoko kargamentu handi batek eragin duela eztanda; hain zuzen ere, 2.750 tonako kargamentu bat. Babestu gabe zegoen hori.
Defentsako Kontseilu Gorenak "hondamendi-eremutzat" jo du Beirut, eta, bi asterako, larrialdi-egoera ezarri.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa