Mundua
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Txinan 84.060 pertsona kutsatu dira pandemiaren hasieratik, eta kanpotik iritsitako herritarren artean 2.056 positibo baieztatu dituzte. Azken orduetan, ordea, ez da inor hil COVID-19aren ondorioz.
Shanghai (Txina). Argazkia: EFE
Txinako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, 101 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte herrialdean astearte honetan; hau da, aurreko egunean baino 33 positibo gehiago.
Txinako osasun agintariek asteazken honetan emandako datuen arabera, positibo eman duten kasu berrietatik 98 tokiko transmisiokoak dira, eta hiru beste herrialde batetik iritsitakoak. Tokiko transmisio kasuetatik 89 Xinjiang eskualdean atzeman dituzte, uigur gutxiengo musulmana bizi den probintzian. Kutsatzeen gorakadaren aurrean, tokiko agintariek Urumqi hiriburua ixteko agindua eman zuten duela egun batzuk, baina, ordutik, kasuak etengabe ugaritu dira.
Gainerako zortzi kasuak tokiko transmisiokoak dira eta Liaoningen atzeman dituzte. Bertan, transmisio lokaleko kutsatzeen gorakadaren berri eman dute duela egun batzuetatik. Azken kasua Pekinen baieztatu dute. Inportatutako kasuei dagokienez, bi Guangdongen atzeman dituzte, eta beste bat Shanghain.
Datu berri horiekin, Txinan 84.060 pertsona kutsatu dira jada pandemiaren hasieratik, eta kanpotik iritsitako herritarren artean 2.056 positibo baieztatu dituzte. Astearte honetan, ordea, ez da inor hil COVID-19aren ondorioz.
Bestalde, Txinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 27 kasu asintomatiko gehiago atzeman dituzte, beste herrialde batetik iritsitako zortzi kasu barne.
Txinako osasun agintariek azaldu dutenez, orain arte, 78.944 pertsonak jaso dute senda-agiria, aurreko egunean baino 10 gehiagok. Dena dela, oraindik 482 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 25 larri.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa