07:30

Mundua

Gatazka

AEBk Chengdu hirian duen kontsulatua ixteko agindu dio Txinak Washingtoni

Agentziak | Erredakzioa

Hain zuzen ere, informazioa lapurtzeko zelatan aritzea leporatuta AEBk Txinari Houstongo kontsulatua ixtea agindu ondoren iritsi da neurria. Pekinek harremanak berrezartzeko eskatu dio AEBri.

  • AEBk Chengdu hirian duen kontsulatua ixteko agindu dio Txinak Washingtoni

    AEBk Chengdu hirian duen kontsulatua ixteko agindu dio Txinak Washingtoni . Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Chengdu Txinako hego-mendebaldeko hirian duen kontsulatua ixteko agindu dio ostiral honetan Asiako erraldoiak Washingtoni. Izan ere, joan den asteazkenean Txinak Houstonen (Texas) duen kontsulatua ixtera behartu zuen Donald Trump AEBko presidenteak herrialdea, espioitza leporatuta.

"Txinak hartutako neurria AEBk Houstonen dugun kontsulatua ixteko inolako arrazoirik gabe hartu duen erabakiaren erantzun zilegi eta beharrezkoa da. Bi herrialdeen arteko harremana ez da Txinak nahiko lukeena, baina Washington da horren erantzule", jakinarazi du Txinako Kanpo Ministerioak ohar batean.

Hain zuzen ere, informazioa lapurtzeko zelatan aritzea leporatuta AEBk Txinari Houstongo kontsulatua ixtea agindu ondoren iritsi da neurria. 1979an Pekinekin harreman diplomatikoak ezarri zituenetik Washingtonek hartu duen erabaki zorrotzenetako bat izan da hori.

Txinako Kanpo Ministerioaren arabera, "Nazioarteko harremanak arautzen dituzten oinarrizko arauen eta praktika diplomatikoen ildotik" dator bere erantzuna; izan ere, haren iritziz, Washingtonek hartu zuen neurriak arau horiek guztiak hautsi zituen.

Ondorioz, "Chengdun kontsulatu estatubatuarra ezartzeko eta martxan jartzeko baimena baliogabetzeko" erabakiaren berri eman dio Txinako Kanpo Ministerioak AEBko enbaxadari, eta "haren operazio eta ekitaldi guztiak lehenbailehen bertan behera uzteko" eskatu dio.

"Erabaki oker hori zuzentzeko eta atzera egiteko eskatzen diogu AEBri, bi herrialdeen arteko harremanak normaltasunera itzultzeko beharrezko baldintzak ezarriz", gaineratu du oharrean.

Ostegunean, Txinak ukatu egin zuen Houstonen (Texas) duen kontsulatuak AEBko enpresen jabetza intelektuala edo informazioa lapurtu izana, eta "mendekuarekin" egin zuen mehatxu bulego diplomatikoa ixteagatik, AEBk espioitza salaketa berriak egin ostean.

Asteazkenean, 72 ordu eman zizkion Washingtonek Pekini Houstonen duen kontsulatua ixteko, "AEBko jabetza intelektuala eta bertako herritarren informazio pribatua babesteko".

Hegemonia, gerra teknologikoa eta komertziala dira munduko bi potentzia handien artean dauden ezberdintasunen arrazoi nagusiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena