07:32

Mundua

Gatazka

AEBk kontsulatu txinatar bat ixtea agindu du eta Txinak mendekuarekin egin du mehatxu

Agentziak | Erredakzioa

Txinari espioitza leporatuta hartu du erabakia AEBk. Pekinen ustez, kontsulatua ixtea "aurrekaririk gabeko probokazioa da", eta atzera egin ezean neurri zorrotzak hartuko dituela ohartarazi du.

  • AEBk kontsulatu txinatar bat ixtea agindu du eta Txinak mendekuarekin egin du mehatxu

    AEBk kontsulatu txinatar bat ixtea agindu du eta Txinak mendekuarekin egin du mehatxu. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Txinak Houstonen (Texas) duen kontsulatua ixtera behartu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Asiako erraldoia, espioitza leporatuta. Horren aurrean, AEBk atzera egiten ez badu neurri zorrotzak hartuko dituela ohartarazi du Pekinek. Izan ere, printzipioz, kontsulatu horretako langileek, 60 bat lagunek, ostirala baino lehen utzi behar dute eraikina.

Urteetan informazioa lapurtzeko zelatan aritzea leporatu dio Trumpek herrialdeari, eta, orain, Txinako Gobernuak legez kanpoko espioitza lan horiek areagotu egin dituela ziurtatu du AEBko Estatu Departamentuko bozeramaile batek. Gauzak horrela, Houstongo kontsuletxea ixteak estatubatuarrak babestea bilatzen duela adierazi du.

"Txinako Herri Errepublikak legez kanpoko espioitza operazio masiboetan parte hartu du urteetan AEBn, bertako funtzionario eta herritar estatubatuarren aurka. Jarduera horiek nabarmen ugaritu dira kopuruan eta irismenean azken urteotan", nabarmendu du aipatutako bozeramaileak.

Dena dela, AEBk Houstongo kontsulatua ixteko arrazoia zein izan den azaltzeari uko egin dio AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak. Orain arte, Txinak bost kontsulatu zituen AEBn (New York, Chicago, San Frantzisko, Los Angeles eta Houstonen, hain zuzen ere). Houstongo kontsuletxeak, herrialdeko 50 estatuetatik zortzi biltzen zituen: Alabama, Arkansas, Florida, Georgia, Louisiana, Mississippi, Oklahoma eta Texas, Txinako enbaxadak Washingtonen duen webgunearen arabera.

Ofizialki, AEBk ez du argitu zergatik hartu duen Houstongo kontsulatuaren aurkako neurri polemiko hori, baina Trumpen gobernuko funtzionario batek esan duenez, Pekinek energia sektoreko konpainien eta NASAren informazioa lapurtzen saiatu zela jakin du Washingtonek. Konpainia horiek, Houstonen dituzte haien egoitza nagusiak.

Funtzionario horrek gaineratu duenez, Houstongo kontsulatu txinatarra AEBk Asiako erraldoia ustezko espioitza leporatuta zigortzeko prest zuten zerrenda batean ageri zen. Efe albiste-agentziak aipatutako iturriak ez du bere izena eman nahi izan, ez duelako gai horri buruz publikoki hitz egiteko baimenik.

Txinak atzera egiteko eskatu dio AEBri

Bestalde, kontsulatu txinatarra ixtea "aurrekaririk gabeko probokazioa" dela adierazi du Pekinek, eta AEBk atzera egiten ez badu erabaki horrek ondorioak izango dituela ohartarazi du.

"Erabaki oker hori zuzentzeko eskatzen diogu AEBri, edo bestela Txinak bidezko eta beharrezko neurri zorrotzak hartuko ditu", adierazi du Wang Wenbin Txinako Kanpo Ministerioko bozeramaileak. Ildo horretatik, Houstongo kontsulatua ixteak "herrialde horrek Txinaren aurka egin dituen ekintzen gorakada" ekarriko duela uste du.

Txinako Gobernuak ez du jakinarazi zein neurri hartzea aztertzen ari den, baina Global Times egunkariak Twitter bidez zabaldutako mezu batean azaldu duenez, Txinak AEBren kontsulatuetako bat ixtea agindu dezake, eta esplizituki aipatzen ditu Hong Kong, Macao, Canton edo Chengu hirietan dituenak.

Beste aukera bat Txinako Wuhan hiriko kontsuletxe estatubatuarra ixtea litzateke, Houstonen "pareko" kontsulatua izateagatik.

Pekinen duen enbaxadaz gain, AEBk Txina kontinentaleko lau hiritan ditu kontsulatuak (Shanghai, Kanton, Chengdu eta Shenyang), eta beste bat Hong Kongen, hiri hori eta Macao biltzen dituena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena