10:12

Mundua

Osasuna

Gizakiak kutsatu eta beste pandemia bat sor dezakeen birus berria atzeman dute Txinan

Agentziak | Erredakzioa

Asiako txerrietan atzemandako txerri gripearen andui berri bat da, gizakiak kutsatzeko eta pandemia berri bat eragiteko arriskua duena.

  • Txerriak

    Txerriak. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Asiako txerrietan atzemandako txerri gripearen andui berri baten arriskuaz ohartarazi dute Txinako zientzialariek berriki egindako ikerketa batean; izan ere, gizakiak kutsatzeko eta pandemia berri bat eragiteko arriskua dagoela uste dute.

Liu Jinhua Txinako Nekazaritza Unibertsitateko zientzialariak zuzendu duen ikerketa zabaldu du Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) AEBko aldizkari zientifikoak. Zehazki, 2011 eta 2018 bitartean, Txinako 10 probintziatako txerrien arnasbideetatik hartutako 30.000 lagin baino gehiagotan oinarritzen da ikerketa.

Adituek txerri gripearen 179 birus desberdin aurkitu zituzten laginak aztertu ondoren. Horien artean, G4 izeneko bat dago, "hiru leinuen konbinazio bakarra", eta horien artean H1N1 anduia dago, txerrietatik gizakietara igaro zena eta 2009ko gripearen pandemia eragin zuena.

Zientzialariek hudoetan egin zituzten probak, gizakien antzeko sintomak baitituzte gripearekin (sukarra eta eztula, adibidez), eta G4 anduia "oso infekziosoa" dela eta "sintoma larriak" eragiten dituela ondorioztatu zuten.

"Bereziki kezkagarria da, hegazti gripearen jatorria birus hori baita, eta horren aurka gizakiek ez dute immunitaterik", esan du zientzialarietako batek.

Dena dela, zientzialariek ezin izan dute frogatu anduia gizakien artean zabaldu daitekeenik. Martha Nelson ikertzailearen arabera, "aukera gutxi daude, baina inork ez zekien txerrietatik pertsonetara igaro zen H1N1 anduia hor zegoela, 2009an lehen giza kasuak agertu zirenera arte".

Horregatik, prebentzio-neurriak hartzeko eskatu dute ikertzaileek, "gero eta ohikoagoa baita txerriak gizakietara salto egiteko gai diren birusekin kutsatzea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena