Mundua
Mediterraneoa
Agentziak | Erredakzioa
Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu duenez, "blokeoaren mehatxua egiteke dago" ontzia herrialde hartako uretan sartzen bada.
Aita Marik 44 pertsona erreskatatu zituen apirilaren 13an. Argazkia: Itsas Salbamendu Humanitarioa.
Maiatzaren hasieratik Palermon atxikita dagoen Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzia ostiral honetan abiatu da Siziliako portutik Pasaian duen basera, Italiako agintarien baimena jaso ostean.
Hala ere, Itsas Salbamendu Humanitarioak azaldu duenez, "blokeoaren mehatxua egiteke dago" ontzia herrialde hartako uretan sartzen bada.
Gobernuz kanpoko erakunde horrek ohar baten bidez jakitera eman duenez, Italiako Gobernuak Palermon "blokeatu" dituen 49 egun hauetan, "55.000 euro baino gehiago kostatu zaizkio portuko tasa berezietan, ikuskapen tasetan eta horniduretan", eta ez dute "helegite aukerarik izan".
Joan den apirilaren 13an, Mediterraneoan noraezean zeuden 44 pertsona erreskatatu zituen Aita Marik, eta Italiaren aginduak jaso ostean, Palermon lehorreratu zituzten itsasoan galdutakoak.
Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu duenez, "une horretan" erabaki zuen Italiako Administrazioak ikuskapen bat egitea, eta, horren ostean, "ontzian zenbait akats zeudela adierazi zuten, baina ez zetozen bat gure kategoriarekin eta neurriekin".
"Ordutik, Pasaiara itzultzeko eta ontzian mantentze-lanak egiteko baimena negoziatu dugu Italiako Itsas Agintaritzarekin. Baina, bistakoa denez, ontzia ezin izango dugu inoiz Italiako eskakizunetara egokitu, baldin eta, neurriengatik, salbuetsita bagaude".
Gobernuz kanpoko erakunde horren ustez, Italia "nazioarteko itsas araudiaren aurka doa", salbamendu-ontziaren nabigazioa "saihesteko" modu gisa.
"Iraganean, flota solidarioaren aurkako prozesu legal eta judizial guztiak deusezak izan zirenez, jazarpen-jarrera hori hartu dute, Mediterraneoan migratzaileekin zer egiten den gizarteak jakin ez dezan", azpimarratu du.
Estrategia hori Sea Eye erakunde alemaniarraren Alan Kurdi ontziari ere aplikatu diotela gaineratu du, atzo Palermotik alde egin ostean; "Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontziei eraso egiteko Europako herrialdeen azken burutazioa da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa