Mundua
Koronabuloak
agentziak | erredakzioa
Microsoften sortzaileak zenbaki hori bota zuen, baina munduko herritar guztiei txertoa jarriz gero albo-ondorioren bat izan dezakeen pertsona kopuruaz ari zen.
Bill Gates Microsoft konpainiaren sortzaile eta dirudun estatubatuarra. Argazkia: Efe
Bill Gates Microsoft konpainiaren sortzaile eta dirudun estatubatuarra pandemiaren inguruko gezurrezko baieztapenen jomugan egon da, gehienak Bill & Melinda Gates fundazioaren bitartez txertoa aurkitzeko ikerketa zientifikoa babesten duelako.
Duela gutxi, apirilaren 9an, telebistan egin zioten elkarrizketa batean egindako adierazpenak erabili dituzte sare sozialetan gezurrak zabaltzeko, tartean Gatesek onartu egin duela koronabirusaren "txertoaren ondorioz milaka pertsona hilko direla", edo dirudunarentzat "emaitza ona" izango litzatekeela "txertoak 770.000 pertsona hiltzea".
Baieztapen horien aurrean, EFE albiste agentziak gezurrezko albisteei aurre egiteko duen atalak, EFE Verificak, egiaztatu egin du adierazpen horiek faltsuak direla. #Coronabulos ekimenean, alegia, Euskal Irrati Telebista koronabirusarekin lotutako albiste faltsuak geldiarazteko abian duen ekimenean, agentziaren informazioa jaso nahi izan dugu, eta horren arabera, Gatesek ez zuen txertoak hildako pertsona kopuruaz hitz egin CNBCn egin zioten elkarrizketan, baizik eta bere ustez zenbat pertsonak (700.000) izango dituzten albo-ondorioak munduko herritar guztiei txertoa jarriz gero.
Egiten ari diren ikerketekin 18 hilabeteren buruan txertoa egongo ote den galdetu ziotenean egin zituen Gatesek testuingurutik atera diren adierazpen horiek.
Gatesek erantzun zuen, ondo bidean, txertoa 18 hilabete igaro baino lehenago iritsiko dela, baina ez zuela "itxaropen faltsurik" sortu nahi, "adinekoei txertoa jartzea erronka handia" delako.
Horren harira, gogorarazi zuen gripearen txertoa bera ere ez dela "horren eraginkorra" jende nagusiaren artean, eta kolektibo hori "jende gazteagoa ez gaixotzearen onuraz" baliatzen dela txertoaz baino gehiago.
"Adinekoen artean funtzionatzen duen txertoa behar dugu, jendeak hor baitu arrisku handiena, eta adinekoek albo-ondorioak ez izatea. 10.000 pertsonatik batek albo-ondorioak izango lituzke, eta horrek esan nahiko luke 700.000k izango lituzketela", azaldu du.
Kalkulu hori egiteko, Gatesen hipotesia da munduko herritar bakoitzak jasoko duela txertoa, hau da, 7.000 milioi pertsonak.
Ez, koronabirusa ez zuen aurreikusi
Ez da Microsoften sortzailea gezurrezko informazioaren biktima den lehenengo aldia. Izan ere, duela urteetatik dago konspirazio teorien jomugan, eta bereziki koronabirus berriaren agerraldia hasi zenetik.
Beste buloetako bat 2015ean emandako hitzaldi batean oinarritzen da, mundu mailako arrisku handietako bat pandemia bat izan zitekeela aipatu zuelako.
"Gaur egun, mundu mailako hondamendi baten arriskuak ez du bonba nuklearraren antzik, honen antza handiagoa du", adierazi zuen Gatesek gripearen birusaren marrazki bat erakutsiz.
"Datozen hamarkadetan dozenaka milioi pertsona hilko dituen zerbait badago, hori birus kutsakor bat izango da, gerra baino gehiago. Horren arrazoi nagusia da dirutza handia inbertitu dela arma nuklearren aurka, eta oso gutxi epidemia bati aurre egiteko sistemetan. Ez gaude hurrengo epidemiarako prest", gaineratu zuen hitzaldi horretan.
Pandemiaren berri izan ondoren, martxoaren 24an, Gatesek hitz horiek azaldu zituen bideokonferentziaz egindako elkarrizketa batean.
"Esan nahi nuena zen ez gaudela hurrengo pandemiarako prest, baina aurrerakuntzak zeudela zientzian, eta baliabideak bideratuz gero, presta gintezkeela (…) baina ia ez dugu ezer egin, eta orain arnas birus bat dugu, nire aurreikuspen txarrenak betetzen ari dena", azaldu zuen Microsoften sortzaileak.
Miguel Boseren akusazioak
Duela gutxi, Miguel Bose abeslariak Bill Gatesi "eugenesikoa" izatea leporatu zion, tartean GAVI enpresa "farmazeutikoaren" jabe izateagatik, eta horren "txerto baliogabeek" munduan biktimak eragin dituelako artistaren arabera.
Global Alliance for Vaccines and Immunisation da GAVI (Txertoetarako eta Immunizaziorako Mundu Mailako Aliantza), eta soilik finantziazioaren zati bat da Bill & Melinda fundazioarena.
Euskal Irrati Telebistak, #Koronabuloak ekimenean, Maldita.es-ekin, VOSTEuskadi Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea ere du bidelagun, koronabirusaren inguruan sortzen diren buloak geldiarazteko, eta Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoaren laguntza ere badu. Gainera, EiTBk erabiltzaileen abisuak jasotzen ditu, 600 900 454an, alegia, #Koronabuloak ekimeneko WhatsApp zenbakian.
Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa